‘Anderearen sua’, Mari Jainkosa pantailara
Euskal mitologiako Mari jainkosari buruzko dokumentala egin nahi du Yolanda Mazkiaran Zelaiak eta postprodukzioa egiteko, Interneteko Verkami plataformaren bidez diru bilketa abiatu du.
Kondairen arabera, Mari da euskal mitologian jainkoen jainkosa, gainontzeko izaki guztiak eta fenomeno naturalak haren esanetara daude eta euskal herritarren herri jakintzan bizitza eta bizi-irrika irudikatzen ditu Marik. Yolanda Mazkiaran Zelaiak pantailara handira eraman nahi du Anbotoko dama eta irudiak grabatuak dituen arren, postprodukzioa egiteko laguntza ekonomikoa behar du. Interneteko Verkami plataformaren bidez crowfunding edo diru bilketa hasi zuen astelehenean, eta maiatzaren 18ra arte 4.000 euro bildu behar ditu.
Mari mitoari buruzko hausnarketa sakona izan nahi du lanak eta egiteko horretan euskal mitologiaren ikerlari ezagun anitz elkarrizketatu ditu zuzendari altsasuarrak. Tartean dira Toti Martinez de Lezea, Jose Ignazio Hartsuaga, Anuntxi Arana, Ixabel Millet, Claude Labat, Enrike Zelaia, Josu Naberan, Margarita amona, Jose Ramon Zubimendi, Felix Gerenabarrena eta Guillermo Piquero.
Elkarrizketez gainera, poesia, musika, antzerkia, pintura, dantza, euskal tradizioa eta folklorea erabiliko ditu Mazkiaranek.
10, 15, 25, 30 eta 500 euroko diru ekarpenak egin daitezke eta trukean oparia jasoko dute emaileek. Mezenas guztiak kredituetan agertuko dira. Dokumentalaren estreinaldirako sarrerak edota dokumentalaren DVDa jasoko dituzte etxean parte hartzaileek.
Ekarpenen ekonomikoak irudi eta audio postprodukzio profesionaletarako erabiliko dira, baita animazioa eta euskarazko, erdarazko, frantsesezko eta ingelesezko azpitituluak egiteko ere. Ekarpenak egiteko sakatu hemen.