Interneten euskara indartzeko hitzarmena sinatu dute PuntuEUSek eta UEMAk
PuntuEUS eta UEMAk hitzarmena sinatu dute, UEMAko kide diren 85 udalerrietan euskarak Interneten duen egoera aztertu eta euskarazko edukien eskaintzan eta eskarian eragiteko.
PuntuEUS Fundazioak eta UEMAk azken elkarlan-hitzarmena aurkeztu dute Donostian; Josu Labakak, UEMAko lehendakariak, eta Josu Waliñok, PuntuEUS Fundazioko zuzendariak, sinatu dute.
Akordio horren arabera, UEMAko 85 udalerrietan euskarak Interneten duen egoera aztertuko dute eta herri horietako webguneetan eta domeinuetan eragiteko ekimen aitzindariak abiaraziko dituzte.
Hitzarmenak 245.000 biztanle inguruko eremuarii eta 8.000 webguneri eragiten die, eta sinatu duten bi erakundeek eremu horretako ehunka erakunde, elkarte, enpresa eta norbanakoetan eragiteko bitartekoak eta konpromisoak aurkeztu dituzte.
Hala, PuntuEUS Behatokiak Interneten egoeraren azterketa egingo du eta UEMAri helaraziko dio, eta erakunde honek kide duen udalerri bakoitzari helaraziko dio. Herri bakoitzeko euskara teknikariak izango du lanketa egiteko prestatu den tresnarako sarbidea, Interneten euskara sustatzeko ekimenak abiarazi ahal izateko. Besteak beste, honako ekimenak proposatzen dituzte: UEMAko kiden diren udalerrietan .EUS domeinuaren erabilera sustatzea herriko elkarte, enpresa eta webgune bat duten eragileetan; «Interneten ere Lehen Hitza euskaraz» kanpainan zehaztutako ekimenak sustatzea herritarren artean eta herriko ikastetxeetan eta Udalaren menpeko egoitzetan nabigatzaileak euskaraz jartzeko neurriak hartzea.
PuntuEUS Behatokiaren arabera, 2017an 26.000 webgunek zuten, gutxi gorabehera, edukiren bat euskaraz. Euskal Herrian dauden webguneen %16 da hori. Azterketa honen unibertsoa UEMAko udalerrietara mugatuz gero, webguneen %30ek euskarazko edukiren bat dute.
Datu horie kontuan hartuta ondorioztatu dutenez, maila lokalean eraginez, euskararen egoera hobetu daiteke. Josu Waliñok nabarmendu duenez, «hitzarmen honen bidez, UEMAko udalerrietan eragin nahi dugu euskarak Interneten duen presentzia herri hauetan are gehiago hobetu asmoz. Uste dugu, udalerri mailan, euskara-teknikariekin elkarlanean, estrategia eraginkorragoak landu ditzakegula webgunez webgune eragiteko».