Altsasukoa «zentzugabekeria juridikoa» dela salatu dute sindikatuek Auzitegi Nazionalean
Auzitegi Nazional espainolaren atarian, LAB, ELA, Steilas eta ESK sindikatuek Altsasuko gazteen aurka egiten ari den epaiketa bertan behera utz dezatela eskatzeko, «ez daukalako inolako zentzurik». Auziperatuei eta Altsasuko herriari elkartasuna adierazi diete.
Altsasukoen aurkako epaiketaren zazpigarren saioa hasi aurretik, Auzitegi Nazionalaren San Fernando de Henaresko egoitzaren aurrean agerraldia egin dute LAB, ELA, Steilas eta ESK sindikatuek.
Haien izenean Imanol Karrerak hartu du hitza, kasua «zentzugabekeria juridiko bat» dela salatzeko. Epaiketa bertan behera utz dezatela eskatu du, «ez daukalako inolako zentzurik».
Altsasuko herriari eta auziperatuta dauden gazteei elkartasuna adierazi diete.
Ez da sindikatuek auzi honen inguruko kezka adierazi duten lehen aldia. Epaiketa hastear zela, CCOO, ELA, LAB, ESK, CGT, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuek adierazpen bateratua kaleratu zuten, Altsasun gertatutakoa «terrorismo» gisa epaitu ez zedin eskatzeko.
«Gertakariei ezarritako kalifikazio penalaren desegokitasunak, leporatze horiek eutsi ahal izateko behar diren betebehar juridikoak ez betetzeak, proportzionaltasun-faltak eta tipo penalen interpretazio hedakorrek pertsona guztiak babestu behar gaituzten askatasunak berme prozesalak eta segurtasun juridikoa» urratzen dutela azpimarratu zuten.
«Errugabetasun presuntzio, defentsarako eskubidearekiko urraketarik gabeko epaiketa justuaren eskubide eta epaile naturalaren eskubidearekiko errespetua» ere aldarrikatu zituzten, auzia Nafarroako auzitegietara itzultzeko eskatzeaz gain.