INFO

76 urteko gizon bat espetxeratu dute, Tolosan emakume bat bortxatzea leporatuta

Ertzaintzak 76 urteko gizon bat atxilotu du Tolosan, emakume bat bortxatzea leporatuta. Udala, mugimendu feminista eta Emakume Taldea deituta konzentrazioa egin da Plaza Zaharrean, «Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde» lelopean. Epaileak espetxeratzeko agindu du.

Elkarretaratzea gaur Tolosan, eraso matxista salatzeko. (FOKU)

Ertzaintzak 76 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo gauean Tolosan, emakume bat bortxatzea egotzita. Sexu-erasoa joan zen apirilaren 19an gertatu zen, Lakuako Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Emakumea etxeko lanetarako kontratatu zuen gizonak eta gauean bortxatu zuen, haren logelan.

Gaur eraman dute epailearen aurrera eta honek espetxeratzeko agindu du.

Tolosako Udalak «irmoki» gaitzetsi du erasoa eta jasan duen emakumeari «zuzeneko elkartasuna eta babesa» helarazi dizkio. Aho batez onartu duen adierazpen instituzionalean, indarkeria mota horri aurre egiteko dituen zerbitzuak eta tresnak biktimaren eskura jarri ditu.

Udalak, mugimendu feministarekin eta Emakume Taldearekin batera, hamabost minutuko elkarretaratzea egin du gaur arratsaldean Plaza Zaharrean, bortxaketa salatzeko, «Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde» lelopean.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere adierazpen instituzionala onartu dute erasoa «argi eta garbi» gaitzesteko eta emakumeari babesa adierazteko.

Herritarrei eskatu diete har ditzatela «konpromiso pertsonal eta kolektiboak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde, izan ere, arazo kolektiboa da, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea, emakume zein gizonei, herritarrei, elkarteei eta erakundeoi dagokigu erantzutea».

«Lehen mailako arazotzat jotzen dugun indarkeria matxista da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun bidegabeen agerpenik larriena eta berauen arteko botere-harremanetan du jatorria, emakumeak mendean mantentzeko helburua duelarik», azaldu du.