INFO

Nafarroan Euskararen Lege berria idazteko gonbidapena

‘Euskarari bidea, elkarrekin’ leloa duen dinamika jarri du abian Kontseiluak, elkarlana sustatu eta herritarren eta eragile sozialen ekarpenak jaso asmoz


Nafarroako euskararen lege berri bat idazteaz arduratuko den batzorde parlamentarioa abian da eta Kontseiluak, irekitako zirrikitua baliatuz, ‘Euskarari bidea, elkarrekin’ leloa duen dinamika jarri du abian.

«Elkarlana» sustatzea du helburu eta horretarako hainbat bilera eginen dituzte maiatzean zehar Barañainen, Elizondon, Lizarran eta Tuteran, herritarren eta eragile sozialen ekarpenak jasotzeko. Ekarpen horiekin guztiekin lege proposamen bat ondu eta parlamentuan aurkeztuko dute.

Nafarroa osoan euskara ofiziala izateko bidearen hasieran gaudela deritzo Kontseiluak eta bideo honekin gonbidapena luzatu die herritarrei «mugak irauli eta Euskararen Lege berria elkarrekin idazteko».

Kontseiluari funtsezkoa iruditzen zaio «konplizitatez eragitea eta babes sozialez janztea» erakundeetan hartuko diren erabakiak eta herritarrak ahaldundu asmoz, abiatu dute dinamika. «Lege berriak gure behar eta interesei zuzenean erantzun diezaien, funtsezkoa da herritarrok ahalduntzea, gure eskubideen eta ahalmenaren kontzientzia hartuz eta konplexuak uxatuz», defendatu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ekimena aurkezteko agerraldian.

Atzo egin zuten lehen bilera Tuteran. Bihar izango da Lizarrako herritarren txanda. 8an izango da Barañaingo bilkura eta 17an, berriz, Elizondon egingo dute. Lan bilera horietan Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa baliatuko da proposamena egiteko oinarri gisa eta horren gainean landuko dira herritarren eta euskalgintzako eragileen ekarpenak.