INFO

Espainiako Gobernua immobilismoan gotortu da berriro

Datorren asterako deituko ditu alderdiak Juan Ignacio Zoidok «Itun Antiterrorista» delakoaren bilera egiteko. Mariano Rajoyk iragarri du bilera, eta ondoren jakinarazi dute hurrengo astean egiteko hasi dituela harremanak alderdiekin Barne ministroak. Bien bitartean, Rajoyk berak ezarritako ildotik, Gobernuak mezu gogorrari eutsi dio. Mendez de Vigo bozeramaileak kartzela politikan ez dela aldaketarik izango esan du.

Juan Ignacio Zoido, Barne ministro espainola. (J.DANAE/FOKU)

ETAren desegiteari erantzuteko berriro ere gotortu da Espainiako Gobernua. Armagabetzearen ostean, PPko hainbat ordezkarik disoluzioak kartzela politika aldatuko lukeela esan zuten, baina hori ere dagoeneko ez da horrela. Iñigo Mendez de Vigo Gobernuko bozeramaileak euskal preso politikoen sakabanaketak bere horretan jarraituko duela adierazi du.

Kanboko ekitaldia ez du baloratu nahi izan, nahiz eta ETAren urratsa «egokia» dela onartu duen. Hori bai, urrats hori ere Gobernuak jokabide zuzena izan duelako iritsi dela gaineratu du, urteotan mugitu ez delako.

Kanbokoa ez ezik, 2011ko Aieteko Konferentzia ere gutxietsi du. Arnagakoak, bere esanetan, «ez du sinesgarritasunik merezi». Eta ez orain eta ez duela kasik zazpi urte ez da ez akordiorik ez negoziaziorik egin. «Ezer ere ez». Ez da egia, Aietera iristeko ETAren eta Zapateroren Gobernuaren artean harremanak izan baitziren nazioarteko eragileen bitartez. Arnagakoa, aldiz, ETAk, gizarte zibilaren eta nazioarteko eragileen laguntzarekin, hartutako aldebakarreko bidearen ondorio izan da.

Mariano Rejoy presidenteak «Itun Antiterrorista» deituko dutela jakinazi du gaur egindako agerraldian, «demokraten batasuna» bermatzeko. Ez du argibide gehiago eman. Ordu batzuk beranduago iritsi dira batzuk. Zoidok deituko du bilera datorren asterako, eta jadanik hasi da kontaktuak egiten alderdiekin.