INFO

Europa osoko «Korrika»-k eskutik hizkuntza gutxituak indartzeko

'Ar Redadeg' Bretainian egin ohi duten Korrikaren moduko ekimena da. Bigarren etaparen baitan Euskal Herrian 1980an abiatutako ekitaldia eredu hartu duten Europako bederatzi ekimenetako ordezkariek elkarlanerako eremu berri bat sortu dute.

«Korrika» ezberdinetako ordezkariak gaur Kemperren. (AEK)

Hizkuntzen aldeko lasterketan Europako sarea osatu dute Euskal Herriko Korrika eredu gisa hartuta antzeko ekimenak antolatzen dituzten ordezkariek. Bretainian ospatzen ari den 'Ar Redadeg' lasterketaren bigarren egunean sortu dute «Eurokorrika» deitu duten sarea. Bertan izan dira Euskal Herritik joanda Mertxe Mugika, Asier Amondo eta Jakes Bortairu. Bretainiakoez gain bertan ziren Galiza, Katalunia, Aran Harana, Biarno, Gales, Irlanda eta Alsaziako antzeko ekimenetako ordezkariak.

Onartu duten adierazpenean hizkuntzen babeserako itun eta arauak aipatu dituzte hizkuntza gutxituak indartze aldera gizarte zibilak eginiko lana txalotu dute. 1980an Euskal Herrian Korrika sortu izana modu berezian azpimarratu nahi izan dute. Adostutako gutunean, gainera, elkarlanean jarduteko hainbat konpromiso hartu dituzte eta tartean euren arteko sarea sortuko dutela iragarri dute, «harremanak estutut, ekintzak sustatu, proiektu berrietan lagundu eta elkarrekin herri ekitaldiak antolatzeko».

Loading player...

Bretainiako 'Ar Redadeg' lasterketa atzo hasi zen eta goiko bideoa da bere promoziorako baliatutakoa. Euskal Herriko Korrika eredu, 2008an antolatu zuten lehen aldiz. 600 km izan ziren lehen edizioan eta aurten 1.800eko ibilbidea antolatu dute. Hurrengo astean, maiatzaren 9tik 13ra, Euskal Herritik delegazioa joango da lasterketan parte hartzera. (Informazio gehiago HEMEN