INFO

Burujabetza helburu, hainbat ekimen antolatu dituzte Sakanan datozen asteetarako

Hainbat eragilek bultzatuta, burujabetzaren inguruan hainbat ekimen antolatuko dira datozen asteetan Sakanan. Hitzaldiak, martxak edo zinemaren bitartez osasuna, pentsioak, hezkuntza, AHT bezalako azpiegiturak, zerbitzu sozialak, euskara, emakumea eta berdintasuna, elikadura, ekonomia edo sistema energetikoa landuko dituzte. Ekainaren 9an, amaitzeko, mobilizazio eguna deitu dute Altsasun.

Burujabetzaren inguruko jardunaldien aurkezpena egin zuten Altsasun.

Sakanako LAB , Ernai, Euskal Herrian Euskaraz, Bilgune Feminista, Sortu, Belardi, AHT Gelditu Elkarlana taldeekhainbat ekimen antolatu dituzte datozen asteetarako. «Burujabetzaren beharra modu integralean ikusarazi nahi dugu, burujabetza edukiz jantzi, eraldaketarako bide gisa azalduz», azaldu dute.

Osasuna, pentsioak, hezkuntza, AHT bezalako azpiegiturak, zerbitzu sozialak, euskara, emakumea eta berdintasuna, elikadura, ekonomia edo sistema energetikoa landuko dituzte. Gogora ekarri dute azken urteetan Sakanako hainbat herritan etorkizunari buruz erabakitzeko galdeketak antolatu zituela Gure Esku Dagok, «baina erabakitzeko eskubidea alor guztietara zabaldu behar dugula uste dugu», adierazi dute.

«Euskal Herri burujabea eraikitzeko garaia da, inor itxaron gabe, Estatuaren oniritzirik espero gabe. Bestelako gizarte alternatiboa eraikitzea guztion ardura da; komunaren gizartea, ongi bizitzeko. Bakoitzak bere alorretik ekarpena eginez euskal errepublika burujabea eraiki behar dugu», gehitu dute.

Dinamikari bihar emanen diote hasiera Altsasuko Iortia kultur gunean, 19:00etatik aurrera, ‘La mano invisible’ pelikularekin. Honen ostean solasaldi bat antolatuko dute LABen eskutik eta ‘Prekarietatea eta langileen errealitate berriak’ izenpean. Ostiralean, hilak 11, aldiz, ‘Euskara eta burujabetza’ hitzaldia hartuko du Altsasuko Tokia Gure Etxeak. Urko Aierbe izanen da gonbidatua.

Era berean, maiatzaren 19an, Iruñeko Gaztelu plazan Gure Esku Dagok antolatuko duten giza armarrian parte hartzeko deia ere egin dute. Hurrengo egunean, Lakuntzan, ‘Bertsosaio burujabea’ ere egingo dute. Maiatzaren 22an, bestetik, LABeko Nafarroako arduradun den Imanol Karrerak ‘Langile burujabetza eta egungo markoaren mugak Nafarroan’ hitzaldia eskainiko du eta 23an, Amaia Zufiak burujabetza feminista izanen du hizpide Arbizun.

Ekainaren 2an, modu berean, Etxarrenetik abiatuta eta Irurtzuneraino, AHTaren aurkako martxa egingo dute. Lau egun beranduago, Etxarri-Aranatzen, energia burujabetzaren inguruan arituko dira Goienerrekin.

Dinamika ekainaren 9an amaituko da Altsasun egingo duten mobilizazio egunarekin.