INFO

Battaglin garaile Giroko bosgarren etapan; Dennisek jarraitzen du sailkapenaren buruan

Enrico Battaglin italiarrak (Lotto Jumbo) irabazi du Giroaren 5. etapa, esprintean. BMC taldeko Rohan Dennis australiarrak jarraitzen du sailkapen nagusiaren buruan eta Pello Bilbao gernikarrak bosgarren postuari eutsi dio. Emaitzak, etapak, sailkapenak... NAIZen webgune berezian.

Enrico Battaglin, helmugan. (@giroditalia)

Giroak Siziliako lurretan jarraitzen du. Bosgarren etapa egin dute gaur txirrindulariek, Agrigento eta Santa Ninfa artean, 152 kilometroko ibilbidearekin. Esprintean erabaki da eta Lotto Jumbo taldeko Enrico Battaglin italiarra izan da garaile helmugan, 4 ordu, 6 minutu eta 33 segunduko denborarekin.

Bahrain taldeko Giovanni Visconti italiarra izan da bigarren helmugan, eta haren atzetik Jose Gonçalves (Katusha) sartu da.

Faboritoen taldea denbora berean iritsi da, baina Astanako Miguel Angel Lopez kolonbiarrak segundu batzuk galdu ditu eroriko bat izan duelako.

Sailkapen nagusian, Rohan Dennis australiarrak jarraitzen du lehen postuan, Tom Dumoulin (Sunweb) neerlandarrak baino segundu bat gutxiagorekin. Simon Yates britainiarra (Mitchelton) da hirugarren, liderrarengandik hamazazpi segundura.

Pello Bilbao (Astana) gernikarrak bosgarren postuari eutsi dio, Dennisengandik 25 segundura.

Bihar, Etna sumendiaren magalera

Bihar seigarren etapa jokatuko dute, hau ere Sizilian. Caltasnissettan hasi eta Etna sumendiaren magalean bukatuko da, 159 kilometroko ibilbidearekin. 30 kilometroko igoerari egin beharko diote aurre txirrindulariek, batez besteko %8ko maldarekin. Faboritoen txanda izango da.