INFO

Elkartasunaren gosea atsetzeko saskiak

Errepresaliatuak herriratzeko unean beharrezko diren baliabideak eskaintzeko erabiliko du Askatasun Gosez ekimenak saskiekin lortutako dirua. 50 euroren truke Euskal Herriko hamalau jakiz osatutako saskia da eskaintzen dutena.


Espetxea ala erbestea atzean utzi dutenen herriratzea samurtu nahi du Askatasun gosez egitasmoak. Errepresaliatu ohia bere sorterrian baldintza ahalik eta duinetan bizitzea nahi du eta jendartean egokitzeko lan horretan lagundu nahi die Ipar Euskal Herrian errotutako mugimendu honek. Diru bilketa abiatu du horretarako eta hirugarrenez egingo du saski salmenta. 14 produktuk osatzen dute eskura ipini duten saskia, bi jaki Euskal Herria osatzen duten herrialde bakoitzeko. 50 euroko laguntzaren truke jaso ahal da saskia eta honako jakiak ditu: Nafarroako olioa eta piperrak, Arabako ardoa eta Añanako gatza, Bizkaiko babarrunak eta tomatea, Baxe Nafarroakoa ahatekia eta jelera, Gipuzkoako atuna eta txorizoa, Lapurdiko txokolate eta gantxiorrak eta Zuberoakogazta eta gailetak

Orain bi urte abiatu zuten ekimena. Iaz kasik 900 saski banatu zituzten eta orotara 9.000 euroko etekina eskuratu eta preso eta iheslari ohiak laguntzeko ekimenetan diharduten elkarteen esku jarri zuten. Beharrak handiak direnez, aurten 1000 saskitik gora banatzeko xedea dugu.

Ekainaren 2a arte eskatu daiteke saskia. Saskia eskatzeko sakatu hemen.

Osasungintzan, arlo juridikoan, lana edota etxebizitza moduko esparruei aurre hartu behar diete errepresaliatu ohiek herrira itzultzean. Horietan guztietan bidaide izateko helburuz egiten du Askatasun gosez ekimenak diru bilketa.