INFO

Maiatzaren 26an Diman egingo duten Udalerri Euskaldunen Egunerako, dena prest

‘Euskara, gure lurra’ lelopean, Udalerri Euskaldunen (UEMA) Eguna antolatuko dute Diman maiatzaren 26an eta orain, lelo bera zabaltzen duen abesti eta bideoa plazaratu dute antolatzaileek.


Udalerri Euskaldunen Eguna egingo dute Diman hilaren 26an. Orain jai egunaren abestia eta bideoa aurkeztu dute. ‘Euskara, gure lurra’ izeneko abestia eta bideoklipa egin dute dimoztarrek, elkarlanean. Ibon Izak idatzi du letra, eta Kepa Elgoibar musikariak jarri dio letra. Grabatu, berriz, Dimako eta Arratiako herritarren eta elkarteetako ordezkarien ahotsekin grabatu dute.

Azken hilabeteotan, Dimako hainbat eragile buru-belarri aritu dira Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzeko bileretan. Besteak beste, Abizarie euskara elkartea, Dimesten, Zamakola elkartea, Andraizea, Dimetaleroak, Bertso Eskola edota Dimako Eskolako Guraso Elkartea.

Egun osorako egitarau oparoa osatu dute maiatzaren 26rako, «festa, hausnarketa eta aldarrikapena uztartzeko» ekitaldiekin. Gainera, eguna girotzen hasteko, bezperan, udalerri euskaldunetako gazteen topaketan parte hartu zuten gazteei ere harrera egingo zaie Dimako udaletxean.

«Euskararen arnasguneak sendotzeko eta herritarren kontzientzian eragiteko, instituzioen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana bultzatzea izan ohi da Udalerri Euskaldunen Egunaren asmoetako bat», azaldu dute antolatzaileek.

«Festa eta aldarrikapena uztartuz, ondo pasatzeko eguna izan ohi da Udalerri Euskaldunen Eguna, baina lanerako eta hausnarketarako tartea ere izaten da egunean zeha», gehitu dute.