INFO

Hamargarren Buruz Buruko finala jokatuko du Aimar Olaizolak (22-13)

Saketik hasita, Danel Elezkano baino askoz hobea izan da goizuetarra, baita fisikoki ere eta bihar jakingo du nor izango den bere arerioa 27ko finalean.

Buruz Burukoaren finalean izango da, hamargarrenez, Olaizola. (Iñigo URIZ/FOKU)

Aimar Olaizolak bere ibilbideko Buruz buruko hamargarren finala jokatuko du maiatzaren 28an Bilboko Bizkaia pilotalekuan, finalerdian Danel Elezkanori 22-13 irabazi ostean.

38 urterekin, faborito gisa irten da Asegarcekoa eta hasiera-hasieratik hartu partidaren ekimena, nahiz eta erritmo bizia jarriz, Danel Elezkano 3-4 aurreratu den.

Hala ere, Zaratamokoak ez du, aurreko partidetan bezala, bere sakea paretara nahi bezain beste baztertu eta Aimar Olaizolak unean-unean erabakirik egokiena hartu du, Elezkanorik eskuina bilatuz, hanketara jokatuz eta baita botera jarri eta, altura emanaz, pilota atzean jarriz.

Eta honen aurrean, Aspekoari ez dio aurreko partidetako formulak funtzionatu. Are gehiago, Aimar Olaizola izan da sakearekin min handia egin diona. 8-7rakora arte, partida lehiatua izan da, baina fisikoki ere, nagusi izan da goizuetarra eta partida hautsi du 7-0eko partzial batekin.

Saiatu da bizkaitarra partidari eusten, baina ezinezkoa izan zaio eta Olaizola II.a biharko Bilboko partidari begira dago dagoeneko, finalekoa arerioa Joseba Ezkurdia edo Jokin Altuna izango dituen jakiteko.