INFO

Hizkuntza inklusiboagoa xede, hitzarmena sinatu dute Ortzadar elkarteak eta Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak eta Ortzadar LGBT elkarteak hiru urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute lehen aldiz. Aurrerantzean, herritarren berdintasuna, bizikidetza, sexu-askatasuna eta giza eskubideak Akademiaren Hiztegian zein bestelako hizkuntza baliabideetan hobeto islatuta ager daitezen elkarlanean jardungo dute.

Ortzadar LGBT elkarteko presidentea, Javier Garcia, eta Andres Urrutia euskaltzainburua. (EUSKALTZAINDIA)

Hitzarmena hiru urterako egin dute Euskaltzaindiak eta Ortzadarrek eta, euskarari dagozkionetan, Akademiak aholkularitza eskainiko dio elkarteari.

Bereziki, hitzarmenaren aurkezpenean azaldu dutenez, gradu bukaeran eta Master ikasketetan elkarteak sustatzen dituen deialdietan euskararen erabilera normalizatua eta jasoa ziurtatzeko, eta elkarteak bideratzen duen aldizkari zientifikoan euskarari toki egokia eta duina emateko aholkularitza emango dio Euskaltzaindiak.

Sortzen testu masa Euskaltzaindiari eskuratuko dio Ortzadar LGBT elkarteak, eta Akademiak, besteak beste, Euskaltzaindiaren Hiztegia elikatzen duen Lexikoaren Behatokia elikatzeko baliatuko du.

Era berean, Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari aholkularitza eskainiko dio herritarren berdintasuna, bizikidetza, sexu askatasuna eta giza eskubideak Akademiaren Hiztegian zein bestelako hizkuntza baliabideetan are hobeto islatuta ager daitezen.

Euskaltzaindiak azaldu duenez, errealitate hauek guztiak «ondo gogoan» ditu, eta horiek kontuan hartuz, «erabaki garrantzitsuak» hartu ditu azkenaldian, besteak beste, familia harremanetako gaurko errealitatera moldatu ditu Hiztegiko hainbat definizio; dinastia-kontuetan ere egin dira aldaketak; Justizia Ministerio espainiarrari euskal izendegiarekin malguago jokatzeko eskatu zitzaion eta abar.

«LGBT kolektiboa are ikusgarriago egiteko ekarpena»

Andres Urrutia pozik agertu da sinatutako hitzarmen berriarekin. «Hitzarmen hau euskal gizartearekin eta beren-beregi kolektibo honekin geneukan zor bat kitatzera dator. Euskara gaitu eta erabilera berrietara moldatu eta egokitzeko agindua dauka Akademiak, eta horretara dator, neurri batean, hitzarmen garrantzitsu hau», aitortu du euskaltzainburuak.

Bere hitzetan, «Euskaltzaindiak ezin dio muzin egin bere erantzukizun sozialari, eta LGBT kolektiboa (Lesbiana, gay, bisexual eta transexualen kolektiboa) are ikusgarriago egiteko ekarpena egin nahi du».

Bestalde, Javier Garcia Ortzadar LGBT elkarteko presidentea ere pozik agertu da. «Gure elkarteak garrantzia eman nahi die euskaraz egindako ikerketei, eta horretarako Euskaltzaindiarekin bat egitea ezinbestekoa zen guretzat», azaldu du.

Halaber, Axier Garate Ortzadarreko bozeramaileak euskal gizarteak LGBT kolektiboarekin duen konpromiso irmoa gogoratu du. «Ostegun honetan homofobiaren aurkako eguna ospatzen dugu, eta hitzarmen hau baliatu nahiko genuke gure gizarteak aniztasun afektiboaren aldeko apustu garbia egin duela erakusteko», esan du.

Besteak beste, familia aniztasunaren eta genero berdintasunaren inguruko formakuntza eta ikerkuntza sustatzen ditu elkarteak, eta gai horien inguruan egiten diren master, doktore tesi eta graduondokoak zabaltzen ahalegintzen da.