INFO

Palestinarekin elkartasunez Israeli boikota adierazteko ekimena egin du Aitzinak supermerkatu batean

Aitzina gazte erakundeak Israelen aurkako BDS kanpainarekin bat egin du Palestinari elkartasuna adierazteko eta ekintza burutu du Itsasuko Intermarche supermerkatuan. Hala, Israelgo jatorria duten produktuak atera ditu saltokitik.

Jatorri israeldarra duten produktuak atera dituzte Intermarche saltokitik Aitzinako kideek. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Este navegador no soporta el elemento video.


Aitzina erakundeak bat egin du BDS (boikota, desinbertsioa eta zigorra) nazioarteko kanpainarekin eta Israelen aurkako ekintza burutu du gaur goizean Itsasuko Intermarche supermerkatuan, palestinarrei elkartasuna adierazteko. Hala, jatorri israeldarra duten produktuak atera dituzte saltokitik, «Israelgo Estatu sionistak Palestinan egindako azken sarraskiak» salatzeko.

Gazte erakundeko kideek ohar batean azaldu dute euren ekintzaren zergatia eta bertan gogora ekarri dutenez, 70 urte igaro dira Palestinaren «kolonizazioa» hasi zenetik eta ordutik «ehunka mila palestinar egotzi dituzte beren lurretik».

Gazan «munduko presondegirik handienean» bizi direla salatu dute, «Israelek bonbardatzen, erailtzen, torturatzen eta oinarrizko bizi baldintzak baimentzen ez dituen eremuan». Hori guztia «munduko potentzia inperialisten konplizitatearekin» gertatzen da, idazkian diotenez.

«Trumpen aginduz Jerusalemen AEBen enbaxada eraiki duten honetan, Frantziako Estatuaren isiltasuna ere nehoiz baino agerikoagoa» da, Aitzinaren iritziz.

Saltokiko ekintzarekin Israeli boikot egitearen aldeko aldarria hedatu nahi izan dute. «Lobby sionistak adar luzeak ditu multinazional indartsuenetan, gurean ohikoak diren hainbat produktu erosiz palestinarren aurkako genozidioa babesten dugu», ohartarazi dute.