INFO
Entrevista
MARYSE CACHENAUT
LABORARIA ETA GEREZI EKOIZLEA

«Begiekin erosi baino Itsasuko gereziak dastatu behar dira egiazki preziatzeko»

Ekaineko lehen igandea gorriz marraztuta dago Itsasun. Aurten ere jende andana hurbilduko da Lapurdiko herriaren dotorezia areagotzen duten gereziondoen fruituak dastatzeko. Peloa, beltxa eta xapata dira bertan biltzen dituzten gerezi mota preziatuenak. Horiek berreskuratzeko azken urteetan eginiko lanaz eta gereziaren inguruan sorturiko ekonomiaz hitz egin digu Maryse Cachenaut laborariak.


Begi bat zeruari so eta bestea saskian bildutako uztari begira. Xapata elkartearen baitan jarduten duten 25 bat ekoizlek horrela igaro dute astea. Bihar Gerezien Besta ospatuko da Itsasun eta, ondorioz, aukera paregabea izanen da fruitu gorriaz gozatzeko eta mintzatzeko. Tokiko gerezi motak berreskuratzeko eginiko lanaz eta gereziaren inguruan pitinka sortu den ekonomia jarduera bizkortzeko estrategiaz jardun dugu elkarteko lehendakari Maryse Cachenaut laborari eta gerezi ekoizlearekin.

Nola joan da aurtengo uzta bilketa? Zer aurkituko dute bihar Itsasura hurbilduko diren gerezizaleek?

Joan den astetik honat peloa izeneko gerezia biltzen ari gara. Zinez ongi heldu da aurten gerezi goiztiar hau. Bilketari dagokionez, zer esan? Astea euritsu joan da eta euria delarik ez da biziki ona guretzat, azkarrago behar dugu-eta bilketa burutu fruitua ez usteltzeko. Horretan ibili gara. Gure elkarteari izena ematen dion xapata gerezi motari dagokionez, pixka bat bada aurten ere. Motelena aurten beltxa, loratze denboran aroak ez baitzuen gehiegi lagundu.

Herriko armarrian ere agertzen da gerezia Itsasun. Alta, barietateak ez galtzeko salbamendu plana eman behar izan zenuten.

Hastapenetik gure helburua tokiko gerezi motak salbatzea zen, batzuk desagertzeko arriskuan zirelako. Urrats hori egina da eta gaur egun erran dezakegu zinez argiki tokiko motak salbatuak direla, laborariek berriz ere landatzen dituztelako eta aski abandonatuak ziren beste zonbait barietate berreskuratu dituztelako etxaldeetan. Ekoizle kopurua emendatuz joan da, emeki-emeki, eta elkarteak orotara 25 bat bazkide ditu. Kontserbatorio bat ere badugu, Herriko Etxeak utzitako lur eremuan, tokiko motak atxikitze aldera txertoak biltzeko. Dinamika positiboa da, jakinik ere ez dela beti erraz ekoizle bilakatzeko urrats egitea, baldintzak ez baitira errazak.

Zeintzuk lirateke zailtasun nagusiak ekoizle berri batentzat?

Laborari gazte batentzat zailena da, nire ustez, denboraren kudeaketa. Urte anitz behar dira iguriki uzta bildu aitzin. Zuhaitza landatu eta lehenengo uzta polita bildu arte batez beste 7 eta 10 urte artean behar da gogoatu. Denbora asko da. Beraz, gerezitik ezin denez bizi, behar da kanpoan beste lan bat atzeman edo etxaldean bestelako jarduera batzuk sustatu.

Alde onei begiratuta, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Alde baikorrak badira, bistan da. Abantaila inportante bat da ez dela lur gehiegi behar. Eremu txiki batekin ekoizpen ederra bildu eta balio gehigarri polita atera daiteke. Gainera, ez da inbertsio handia egin behar, zuhaitz landareak ez baitira sobera garestiak. Azkenik, jakin behar da gure produktuak irudi ona duela eta horrek bermatzen duela merkaturatzea. Gerezi freskoa ia osorik Itsasutik atera gabe saltzen dugu.

Gereziondo kopurua nabarmen emendatu da bai Itsasun, baita inguruko herrietan ere.

2014-2015ean ikerketa egin genuen Itsasun eta inguruetan gereziondoen zenbaketa eguneratzeko. Emaitza positiboa izan zen. Abantzu 6.000 gereziondo badira. Are, zuhaitz kopuru horretatik %80 tokiko motakoa da eta zuhaitz gehienak gazteak dira, 20 urte baino gutxiagokoak. Jakin behar da zuhaitz zaharretan zailagoa dela gerezia biltzea, altuera dela-eta jarduera lanjerosa delako.

Geroari begira, aurreikus daiteke Ezpeletan piperrarekin gertatu bezala gereziarekin laborantza sail azkarra sortzea?

Oraindik ere urrun gaudela errango nuke. Ezberdintasun handiak badira. Besteak beste, piperra urtero biltzen da eta gerezia ez beti. Baina diferentzia nagusia da ezagupena. Beraiek sor-marka badute.

Erronka nagusia, beraz, sor-marka lortzea litzateke.

Horretan gabiltza, baina prozedura konplexua eta luzea da. Behar da sakonki argudiatu, mozkinaren eta lurraldearen arteko lotura frogatu, klima, lurra, tokiko motak, ekoizteko erak… gai anitz behar dira landu. Desmartxa horretan gaude.

Itsasuko gereziaren irudia maltzurki ez erabiltzeko mesedegarria litzateke sor-marka?

AOP delakoak ezagupenak eta babespena ekartzen ditu. Konfitura saltzeko batzuek «Euskal Herriko gerezi beltza» jartzen dute potean, jakinik jendeari berehala Itsasuko gerezia etortzen zaiola bururat.

Zer gomendio bezeroentzat?

Itsasuko gereziek ez dute larru gogorra, gure gereziek azala eta mamia zinez goxoak dituzte, azukredunak dira, txiki samarrak, hori bai. Gomendioa? Ez erosi begiekin, gure gereziak dastatu lehenago eta ondoren konbentzituak izanen zarete!