INFO

EAJk irabaziko lituzke udal hauteskundeak Donostian eta Bilbon, eta PPk Gasteizen

EAJk irabaziko lituzke udal hauteskundeak Donostian eta Bilbon, eta PPk Gasteizen, EiTB Focus inkestaren arabera. Arabako hiriburuan, hala ere, PPk eta jeltzaleek zinegotzi kopuru berbera lortuko lukete. EH Bildu bigarren indarra izango litzateke Bilbon eta hirugarrena Donostian eta Gasteizen. Ciudadanosek zinegotzi bat izango luke azken hiri horretan.

Eneko Goia eta Juan Mari Aburto, Donostia eta Bilboko alkateak. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Heldu den urteko udal hauteskundeei begira EiTBk eginiko inkestaren arabera, EAJ izango litzateke alderdirik bozkatuena Bilbon eta Donostian, eta bigarren indarra Gasteizen.

Bizkaiko hiriburuari dagokionez, jeltzaleek 14 ordezkari lortuko lituzkete, duela lau urte baino bat gehiago, eta botoen %42,7, 2015ean baino bi puntu gehiago. EH Bildu bigarren indarra izango litzateke eta bost zinegotzi eskuratuko lituzke, egun baino bat gehiago. Botoen %15,6 jasoko luke, aurreko hauteskundeetan baino puntu bat gehiago. PSEk ordezkari kopuru berbera izango luke (4), baina boto portzentajean ia puntu bat galduko luke, %11,5era. PPk zinegotzi bat galduko luke eta hirurekin geratuko litzateke. Udalberrik bat irabaziko luke eta hiru, eta Goazen Bilbaok egun dituen biak galduko lituzke.

Donostian ere EAJ izango litzateke lehen indarra, 11 zinegotzirekin –2015ean baino bi gehiago– eta %34,8ko boto kopuruarekin. PSEk ordezkari bat galduko luke eta seirekin geratuko litzateke, boto portzentajean hiru puntu galduko lituzke, %21,9ra arte. EH Bilduk ordezkari kopuru bera izango luke, 6, eta botoetan %20,9, duela lau urteko ia berbera. PPk bat galduko luke eta bi zinegotzirekin geratuko litzateke, eta Irabazik egungo biak mantenduko lituzke.

Gasteizen, PP izango litzateke alderdirik bozkatuena, botoen %24,9rekin –2015ean %30,2 eskuratu zuen–, baina bi ordezkari galduko lituzke eta zazpirekin geratuko litzateke, EAJk bezalaxe. Jeltzaleek bi gehiago izango lituzkete eta botoen %22,6.

EH Bilduk berdin jarraituko luke, sei zinegotzirekin, eta duela lau urteko antzeko boto portzentajea, %19,7. PSEk egun dituen lau ordezkarietatik bat galduko luke eta botoen %10,1 jasoko luke. Elkarrekin Podemosek 2015eko emaitza bera lortuko luke, bi ordezkari, eta Irabazik zinegotzi bakarra izango luke, duela lau urte bezala.

Ciudadanos alderdia Gasteizko Udalean sartuko litzateke, ordezkari batekin.