INFO

Erraustegia martxan jarri arte hondakinen tratamendurako aurreakordioa lortu du Gipuzkoak

Gipuzkoa eta Bizkaiko Hondakinen Kontsortzioek lortu duten aurreakordioaren ondorioz, Gipuzkoako hondakinen zati baten tratamentua Bizkaian egingo dute Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak amaitu bitartean. «Ziurgabetasuna amaitu da», esan du Jose Ignacio Asensio Ingurumen foru diputatuak. 

Gipuzkoako Ingurumen diputatua, Jose Ignacio Asensio. (Gorka RUBIO/FOKU)

Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, Jose Ignacio Asensiok, herrialdeko hondakinen tratamendurako Bizkaiarekin lortutako aurrekordioaren berri eman du. 

Bi herrialdeotako hondakinen kontsortzioen aurreakordio hori dela-eta, Gipuzkoako hondakinen zati bat Bizkaian tratatuko da, 2019ko udazkenean Zubietako erraustegia «bete-betean lanean hasi bitartean»

2018an eta 2019an indarrean egongo den hitzarmen horri esker, «Gipuzkoak zuen ziurgabetasuna amaitu» dela nabarmendu du Asensiok, eta erraustegia abian jarri arte «gure hondakinen kudeaketa bermatuta» gelditzen dela gaineratu du.

Bi fasetan bereizi dute hitzarmena. Lehenengoan, datorren irailetik abenduaren 31ra artekoa izango den tartean, Bizkaiak aukera emango dio Gipuzkoari astean 1.300 tona tratatzeko, guztira gutxienez 20.000 eta gehienez 25.000 tona izango direlarik. 

Bigarren aldia 2019. urte osoa hartuko du eta gutxienez 25.000 eta gehienez 60.000 tona tratatzeko aukera emango du. 

Prezioa ere desberdina izango da fase bakoitzean: 2018an hondakinak aldez aurretik tratatu gabe iritsiko direla eta, hortaz, egun indarrean dagoen tonako 119 euroko prezio publikoari 15,54 euro gehitu beharko zaizkio. 

2019an, aurreikusita dago Gipuzkoako hiri hondakin solidoen zati bat Zubietako tratamendu mekaniko biologikoko plantan aurretatramendua jaso ondoren bidaltzea eta, kasu horretan, herrialdean indarrean dagoen prezio publikoa baino ez da ordainduko. 

Aldeek hala adostuz gero, lau urtez luzatu ahalko da hitzarmena, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente Jose Ignacio Asensiok erakundearen batzarreram eramango duena.