INFO

Hack Cancer, minbiziari irabazteko datu maratoia Orona Ideon

Jakintza alor desberdinetako gazte boluntario talde bat da Hack Cancer, medikuz, ingeniariz eta matematikariz osatua. Xede batekin sortu zen Londresen, minbiziari borroka irabazteko ikerketa bide berriak sortzea. Asteburu honetan Hernaniko Orona Ideon egiten ari da aurtengo edizioa, 24 orduko «datathoi» batekin.


Hack Cancer nazioarteko gazte adituz osatutako talde bat da. Medikuntza, datuen ingeniaritza, matematika... hainbat arlotakoak dira eta minbiziari aurre egitea dute helburu. Aurten Hernaniko Orona Ideon antolatu dute hiru eguneko egitaraua, Rotaryren laguntzaz. Ostiralean hasi zen, bertzeak bertze Ingalaterra, Bartzelona, Japonia eta Gipuzkoatik bertatik etorritako 50 bat lagunen aurkezpenarekin. Atzo “datathoia” egin zen, 24 orduko datu maratoia, eta gaur, lortutakoa agertuko dute.

Partaideetako bat da Gabriel Maeztu, medikua eta matematikaria. GARAri azaldu dionez, orain dela bi urte pasa jaio ziren. «Londresera gonbidatu gintuzten, Google-n egin zen ekitaldi batera. Bertan izan zen lehenbiziko Hack Cancer. Oso giro ona egon zen, gustura egon ginen eta ordutik kontaktuan jarraitu dugu».

Duela zortzi hilabete inguru aurtengo edizioa Euskal Herrian antolatzera animatu ziren. Ekitaldiak bi xede ditu: «Batetik, dirua lortzea babesleen aldetik, ikerketara bideratzeko. Hortik beka bat sortuko da. Bestetik, ekitaldia urtero egitea. Profil oso ezberdinak dauzkaten lagunak, normalean datuekin lan egiten dutenak baina ez minbiziarekin lotuta, elkartzea, datu horiekin lan egitea, eta ikustea beste eremu batzuetan lortutako aurrerapenak minbiziaren arloan erabil daitezkeela».

«Ez dakigu asteburuan norbaitek zerbait interesgarria aurkituko duen ala ez, baina denak lanean ibiliko gara, lasterketa batean bezala, ea nork lortzen duen patroirik interesgarriena, bisualizaziorik politena, medikuentzat interesgarria izan daitekeen erreminta bat...», esplikatu digu.

«Datathoi» honetan, datuak dira aditu gazteen joko-zelaia. Bertan saiatu behar dute ea nork aurkitzen duen ezkutuan egon daitekeen zerbait. «Diziplina anitzeko taldeak sortu, eta bakoitza gauza ezberdinak aportatzen saiatuko gara. Medikuok, adibidez, intuizio hori, ospitalean pazienteekin gaudenean ikusten duguna».

Haur minbizia ikertzeko beka

1978tik 2016ra bitarteko datu epidemiologikoak dituzte aztergai: zer minbizi egon diren, pazienteen ezaugarriak... Gaur, azken egunean, ateak irekiak egonen dira hurbildu nahi duenarentzat. Egin duten lana plazaratu eta babesleen aldetik lortutako dirua Biodonostiari emanen diote. 50.000 euroko beka bat sortuko dute haur minbiziaren inguruan ikertzen jarraitzeko. Diru horrekin hiru urteko ikerketa lagundu nahi dute.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan urtero 150 haur minbizia kasu atzematen dira, horietatik 30 Gipuzkoan. Hack Cancerrekoek jakinarazi dutenez, «oso garrantzitsua da datu base ahalik eta osoena izatea, diagnostikatutako kasu guztiekin, zubia izateko oinarrizko ikerketaren eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleko onkologo-pediatren artean».

Heldu den ostegunean jada datorren urteko Hack Minbizia prestatzen hasiko dira. «Sponsor asko azkeneko minutuan jarri dira gurekin harremanetan, hurrengo ediziorako interesatuta. Oso kontentu gaude. Aurtengoa proba bat izan da, eta erantzuna oso ona izan da», adierazi du Maeztuk.

Erantsi duenez, batzuetan ematen du minbiziaren kontra egin dezakezula horretan lan egiten baduzu soilik. «Baina Londresen ikasi genuen ezetz. Minbiziaren aurka ikertzen ohitua ez dagoen jendearen soluzioek lekua daukate eritasun honen kontrako ikerketan». Horren froga de Hack Cancer.