INFO

Judimendin Udalak «piromanoa bailitzan» jokatu duela salatu dute herri mugimenduek

Judimendiko herri mugimenduek prentsaurreko bat burutu dute azken egunotan sortutako «muntaia» salatzeko. Kritikatu dute Gasteizko Udalaren jarrera eta jaietan euskal presoei omenaldirik ez dagoela ohartarazi dute. Dena den, herritarren adierazpen askatasuna babestu dute.

Judimendiko herri mugimenduen agerraldia. (GARA)

Judimendiko herri mugimenduen ustez, «Urtaranek eta bere gobernu taldeak piromanoak bailitzan bezala jokatu dute». «Udalak, hedabide zenbaitek eta epaitegiek artifizialki sortutako kanpaina bat jarraitu baino ez dute egin, asmo txarreko berriak eta iritziak auzo elkartearekin kontrastatu gabe», nabarmendu dute Sefarad plazan burututako prentsaurrekoan.

Bertan azaldu duten bezala, Diego Ugarteren aldeko «omenaldirik ez dago eta ez da egon. Ez dakigu irakurketa edota asmo okerreko emaitza izan ote den». «Zergatik, beraz, auzoko jaiak kriminalizatzeko saiakera hau? Udalak hartutako neurriak karteleko zein ekimenek justifikatzen dituen azaltzera gonbidatzen dugu Urtaran jauna», gaineratu dute.

Jai batzordeak egindako lana defendatu dute, eta auzo elkarteari elkartasuna adierazi ere bai. «Gugatik 365 egunetan ari da lanean eta lintxamendu mendiatiko-instituzional onargaitza ari gara jasaten», adierazi dute Judimendi aldizkariak jaiaren antolaketarekin zerikusirik ez duela ohartarazi baino lehen.

«Auzo elkarteak kentzea erabaki du eta bere erabakia errespetatzen dugu. Hala ere, eta eremu batzuetatik aldizkaria jai programako ekimen batekin nahastu nahi izan denez, orain arte elkarteak erabili izan duen adierazpen askatasun irizpidea egokia iruditzen zaigula esan nahi dugu», diote.

Eta, hau esanda, Judimendiko errealitatea zein den gogoratu dute. «Judimendin arrazoi politikoengatik sakabanatuta dauden hiru auzokide falta dira. Judimendin, errealitate hau ikusarazteko, beraien eskubideak aldarrikatzeko eta familiei elkartasuna adierazteko auzoko jaia erabili nahi duen jendea badago, eta hau egiteko eskubide osoa duela uste dugu. Pertsona bakoitzak pairatzen duen saminari errespetu osoa adieraziz, sakabanaketa politika salatzea zilegi eta guztiz beharrezkoa dela deritzogu. Gainera adierazpen askatasun ariketa bat ere bada».

«Horregatik, Udalak diru-laguntzaz dioenaz haratago, esan nahi dugu bihar auzoko jaiak hasiko direla eta bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Dantza egin, abestu, bazkariak eta afariak eta proiektuak konpartitu ditzagun, eta aldarrikapenak errespeta ditzagun. Erakutsi dezagun Judimendi bizitza anitza duen auzoa dela, eta ez soilik jaietan», esan dute.