INFO

Bihotz erraldoi bat sortuko dute Errenterian Mikel Arrieta eta Aitzol Gogorzaren etxeratzea eskatzeko

Herritarrei taupada izateko eskatu eta ekainaren 30eko mobilizazioaren berri eman dute Errenteriako presoen giza eskubideen aldeko mugimenduko kideek: bihotz erraldoi bat osatuko dute, Mikel Arrieta eta Aitzol Gogorzaren etxeratzea exijitzeko.

Errenteriako presoen giza eskubideen aldeko mugimenduko kideak, agerraldian. (@sarexenpelar)

Duela sei hilabete –Gabonen testuinguruan– egin gisa, Errenteriako Arenalean bildu dira herriko presoen giza eskubideen aldeko mugimenduko kideak Mikel Arrieta eta Aitzol Gogorza etxeratzea eskatuz mobilizazio berri bat iragartzeko.

Mugimenduko kideek adierazi dutenez, sarea «handitzen» joan da sei hilabeteotan, «eremu ezberdinetako norbanakoak dinamika honetara gehituz. Tamalez, baina, Mikel eta Aitzolek, gaixotasun sendaezinak pairatu arren, espetxean jarraitzen dute».

Gobernu espainiarrak euskal presoengan aplikatzen duen espetxe politika «iraganekoa» eta «ezohikoa» dela salatu dute, eurak etorkizunari begiratu nahi diotela gaineratuz: «Horretarako, iraganetik datozen oinaze eta minak sendatzea ezinbestekoa da».

Zentzu horretan, «taupada» zaiteko deia luzatu diete herritarrei: «Norbanakoetatik hasita, elkarbizitzarako urratsak kolektibo gisa ematera; herritarrak protagonistak izanda konponbiderako bidean».

Bide horretan, ekainaren 30erako antolatu duten mobilizazioaren berri eman dute: eguerdiko 12.00etan, Arelanean, Alabergan eta Pontikako plazetan elkartuko dira bihotz erraldoi bat sortzeko. Modu horretan, aipatu presoek eta beraien senideek pairatzen duten sufrimendu eta injustiziarekin amaitzeko eskatuko dute.