INFO

Uztailaren 20tik 23ra presoen egoeraren amaiera aldarrikatzeko bizikleta martxa eginen du Sarek

Sarek euskal presoen «salbuespen egoerarekin amaitzeko» bizikleta Tour bat egingo du aurtengo udan. Uztailaren 20an Mont-de-Marsango espetxean hasi eta 23an Zaballan amaituko da «urrunketa politikak zuzenean senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua» nabarmentzeko. Bestetik, espetxe politika aldatzeko asmoa agertu zuen Sanchezek eta «positiboki» hartu du Sarek jarrera hau.

Sarek uztailaren 20 eta 23 bitartean egingo duen bizikleta martxa aurkeztu du. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Uztailaren 20tik 23ra bizikleta martxa egingo du Sarek, «une honetan euskal presoei egozten zaien salbuespen egoerarekin amaitu beharra dagoela» aldarrikatu eta «urrunketa politikak zuzenean senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua» nabarmentzeko. Uztailaren 20an Mont-de-Marsango espetxetik abiatuko dira eta 23an Zaballakoan amaituko da.

Lehen etapak Baionan izango du helmuga. Bertatik abiatu eta Donostiara iritsiko da bigarren eguna. Gipuzkoar hiriburutik Altsasura bidaiatuko dute uztailaren 22an. Eta azkenik, Zaballarako bidea eginen dute 23an.

Frantziar Estatuan hasiko da ekimena «frantziar Gobernuak gai honekiko aldaketarako duen borondatea erakutsi baitu» eta «erreferentzia argi» bihurtu dela iritzi dutelako. Zaballan amaitzeak ere badu bere zentzua, «espetxe politikaren aldaketaren ikur» izatea nahi baitute.

Aldaketak, «lehenbailehen»

Beste alde batetik, Pedro Sanchez espainiar Gobernuko presidente berriak gaiaren inguruan egin dituen adierazpenak ere ekarri nahi izan dituzte gogora. «Ezinbestekoa den urratsa litzateke konponbide eta bakearen bidean». Espetxe politika aldatzeko asmoa agertu zuen Sanchezek eta «positiboki» hartu du Sarek. «Eskaera hau partekatu nahi diegu gainontzeko alderdiei ere, ez dezaten alderdi interesak jaurtitzeko arma gisa baliatu».

Aldaketa hauek «lehenbailehen» gauzatzea espero dutela azpimarratu dute eta «giza eskubideen errespetuan oinarrituz, sekula suertatu behar ez lukeen salbuespen politika batekin amaitzea». Zentzu horrenan, lehentasuna eman diete gaixo dauden presoei, lehen graduaren amaierari eta beste estatu batean betetako zigorraren kontaketa «europar legediak eskatu bezala» egiteari.

Euskal presoak Euskal Herritik 250 kilometrotara gerturatzeko Lakuako Gobernuak egindako proposamena ere ekarri dute gogora: «Gure galdera, ordea, honako hau da: zergatik ez EAE eta nafarroako espetxeetara? Zergatiz ez 9 kilometrotara?». 250 kilometrotara egoteak oraindik ere suposatzen duen eskubide urraketa ez dute ahaztu nahi izan.