INFO

EHGAMen aipamen berezia, Ekai gaztearen gurasoentzat

LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko eguna ospatu zen atzo. Hala, hainbat jarrera txalotzeko eta beste batzuk salatzeko aukera baliatu zuen EHGAMek. Aldarrikapena eta festa uztartuz, gaiari ikusgarritasuna eman zioten hainbat ekimenek.


Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak, EHGAMek, urtero ekainaren 28an bere sari bereziak banatzen ditu: Urrezko Hirukia, LGTBIQ+ kolektiboarekiko jarrera positiboak eta haren aldeko pauso eraginkorrak eman dituenarentzat; eta Trapuzko Espartina, haien eskubideak zapaltzen dituenarentzat.

Aurtengo Urrezko Hirukia Dimension publizitate agentziari eman diote, bere kanpainetan homosexualitatea naturaltasunez jorratzeagatik. Agentziaren izenean Maite Anasagastik hartu zuen saria: «Iragarleak eskatzen digun proiektuaren barruan aniztasuna sartzen ahalegintzen gara, errealitatearen parte delako», azaldu zuen.

Horrez gain, aipamen berezia egin nahi izan zioten bere buruaz beste egin zuen Ekai gazte ondarroarraren gurasoei, Ana eta Elaxarri. EHGAMek animoak eman nahi dizkie eta orain arte egindako lana eskertu. Aipamen hau Urrezko Hirukiaren parekoa da.

Baina sariak alde negatiboa ere baduenez, hor dago Trapuzko Espartina. Zoritxarrez, hautagai asko izan dituzte, baina bereziki nabarmentzekoak “Manada”-ren epaileak, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina edota Espainiako Adin Txikikoen Fiskaltza –“Madre no hay más que dos” dokumentala debekatzeagatik–. Horien artean bakarra aukeratu ezinik, guztiak batu nahi izan dituzte, eta azkenean, judikaturari eta elizari eman diote aurtengo Trapuzko Espartina, haien jarrera salatzeko asmoz.

Hiriak, kolorez jantzita

Ekainaren hasieratik LGTBIQ+ kolektiboari buruzko hainbat ekitaldi antolatu dituzte, baina aste honetan are nabarmenagoak dira. Atzoko egunez, ekainak 28, 1968an New Yorkeko Greenwich Village auzoan gertatutako altxamendua ekartzen da gogora mundu osoan, kolektiboak jasaten duen zapalkuntzari aurre egiteko asmoz.

Hori dela eta, Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak egin zituzten atzo arratsaldean eskubide berdintasuna aldarrikatzeko. Biarritzen, aldiz, manifestazioa bihar egingo dute. Les Bascos elkarteak antolatzen duen desfilera jendetza gerturatzen da urtero eta festa itxura hartu ohi du. Eguerdian erakusketa bat martxan jarri ostean, 16.00etan abiatuko da “Biarritz Pride” deiturikoa. Aurtengo aldarria familien arteko berdintasuna izango da.

Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean egindako desfileez gain, ostadarraren koloreez apaindu ziren atzo hirietako hainbat txoko. Adibidez, Bilbon udaletxeko fatxadan koloretako argiak proiektatu zituzten. Juan Mari Aburto alkateak Udaleko alderdi politiko guztiek sinatutako adierazpen instituzionala irakurri zuen. Horren arabera, «LGTBIQ+ komunitatearen eskubideen urraketaren gaitzespen irmoa» agertu zuten eta «askatasunak modu aktiboan defendatzeko rola» bereganatu zuten, hori baita euren «eginbeharra Bilboko ordezkari gisa».

Era berean, “Bilbo, harrotasunez betetako hiria” kanpaina abiarazi dute, edozein kale edo auzotan herritar guztiek beren genero identitate, sexu identitate edo sexu joera askatasun eta harrotasun osoz adierazi ahal izan dezaten.

Donostiako udaletxean ere koloretako bandera egon zen ikusgai egunean zehar, eta iluntzean Kursaalek hartu zuen ostadarraren itxura. Horrela jarraituko du bai gaur eta bai bihar. Bestalde, Dbus eta Lurraldebuseko garraioek bandera koloreaniztuna hirian zehar zabaldu zuten.

Iruñean eta Gasteizen ere, egun batez euren banderak aldatu eta kolorez jantzi ziren. Azken honetan, gainera, Sidalavak sustaturik, aniztasunaren aldeko ekimen berezi bat egin zuen. Udalak erabiltzen ez ziren hainbat banku eman dizkie eta elkarteak margotu egin ditu. Goizean zehar horietan eserita argazkia ateratzera animatu zituzten herritarrak, “Harrotasunarekin eseri” kanpainari jarraituz. Ondoren, komunikatu bat irakurtzen zuten bitartean, preserbatiboak eta informazioa banatu zituzten kaletik.

 

Gehitu-k LGTBIfobiari aurre egiteko sinergiak eskatu ditu

Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak LGTBIfobiari aurre egiteko sinergiak sortzeko deialdia luzatu zien botere publikoei, jarrera hori oso zabalduta dagoen gorroto modu bat baita.

Izan ere, Lakuako Gobernuak emandako datuen arabera, EAEn bildutako gorroto delituen laurdenek sexu aniztasunarekin dute zerikusia. Gurean oraindik bazterketa kasuak gertatzen badira ere, egoera hobetzen ari dela azpimarratu zuten, eta gero eta gehiago direla euren sexualitatea modu librean bizi dutenak.