INFO

Naishtat, Jee-Woon, Jaquemet, Kawase, Schleinze eta Sarmiento, Urrezko Maskorra lortzeko lehian

Hiru europar, bi asiar eta bi latinoamerikar zinemagileren sinadura daramate Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialeko lehen aurrerapeneko filmak. Izan ere, 66. edizioko Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira Simon Jaquemet, Kim Jee-woon, Naomi Kawase, Benjamín Naishtat, Valeria Sarmiento eta Markus Schleinzeren azken lanak. Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmak datozen asteetan iragarriko dira.

‘Illang: The Wolf Brigade’ filmaren irudia. (ZINEMALDIA)

Claire Denis (Paris, 1946) lehen aldiz lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko, ‘High Life’ filmarekin. Zientzia fikzioko film horretan, berriz ere aritu da Juliette Binoche aktorearekin, ‘Un beau soeil intérieur’ lanaen ondoren, eta Robert Pattinsonekin.

Naomi Kawase (Nara, Japonia, 1969) bigarrenez saiatuko da Urrezko Maskorra lortzen, 2010ean ‘Genpin, Fipresci’ sariaren irabazlea, aurkeztu eta gero. Orain, ‘Vision’ ekarriko du Donostiara, bere jaioterriko probintzian filmatu duen obra bat. Juliette Binoche frantsesa eta Masatoshi Nagase japoniarra dira filmaren protagonistak.

Kim Jee-woon (Seul, 1964) ere bigarrenez izango dugu Urrezko Maskorra lortzeko lehian. Donostian 2010ean ‘Ang-ma-reul bo-at-da / I Saw the Devil’ aurkeztu ondoren, ‘Illang: The Wolf Brigade’ filmarekin parte hartuko du hegokorear zuzendariak. Keberos Panzer Cops polizia indar bortitza du ardatz.

Valeria Sarmiento (Valparaíso, Txile, 1948), halaber, bigarrenez lehiatuko da Sail Ofizialean, zuzendari gisa, duela bi hamarkada baino gehiago (1995ean) ‘Elle’ aurkeztu eta gero. Era berean, 1984an Zuzendari Berrientzako Donostia Sari Nagusia irabazi zuen bere lehen fikzio film luzeari esker: ‘Notre mariage’.

‘Rojo’ Benjamín Naishtaten (Buenos Aires, 1986) hirugarren film luzea da. 70eko hamarkadako Argentinan dago girotuta, diktadura hasi aurreko urteetan, eta Darío Grandinetti, Andrea Frigerio eta Alfredo Castro ditu antzeztaldean.

Markus Schleinzerrek (Viena, 1971), Donostian, bere bigarren film luzea aurkeztuko du: ‘Angelo’. Orain, nahitaez europartutako afrikar baten historia hartu du hizpide. Makita Samba, Alba Rohrwacher eta Larisa Faber dira protagonistak.

Simon Jaquemet (Zurich, 1978) iraganak fededunen komunitate batean harrapatu duen emakume baten erretratuarekin dator.

Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmak datozen asteetan iragarriko dira.