INFO

‘Aska Tour’, Gasteizko B aldea

Gasteizeko mapetan ageri ez diren zenbait gune berezi erakutsi nahi ditu ‘Aska Tour’ egitasmoak, arauei iskin eginez eraikitako Gasteiz alternatiboa alegia.

Gaztetxea eta Santa Maria Katedrala atzean. FOKU

Turismoa egiteko mila modu daude. Batzuk hegazkina hartu eta paradisuen bila egiten dute ihes; beste batzuk kale iskinean bertan aurkitzen dituzte altxorrak, izan ere gure bazterrak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dute oporrek. Gasteizen mapetan ageri ez diren zenbait gune berezi erakutsi nahi ditu ‘Aska Tour’ egitasmoak, arauei iskin eginez eraikitako Gasteiz alternatiboa alegia.

Hiriko zortzi gune, edo eremu, ezberdin ezagutzeko aukera ematen du eskaintzen dituzten ’Aska Tour’ ibilbide gidatuek. Martxoaren 3a, euskara, okupazioa, eszena kulturala edota gaztetxea ezagutzeko aukera eskaintzen du ibilbideak, hiriaren historia eta etorkizuneko erronkak gertutik ezagutzeko bokazioarekin.

Gasteizko gune alternatibo eta enblematikoetatik paseatuz, egitasmo hauen historia, erronkak eta denboran zehar izan duten eboluzioa ezagutzeko aukera egongo da. Antolatzaileek diotenez, «1976tik gaur egun arteko bidea egingo du bisitak. Martxoaren 3ko borrokatik, Gaztetxeraino, Auzolana Pilotalekutik Oihanederreraino, Santo Domingo kaletik Zapatari kaleraino, Hala Bediren 35 urteetatik, emakumeek gure hirian aurrera eraman duten borrokaraino».

Izen ematea

Tourrean parte hartzeko halabedi.eus/askatour webgunean apuntatu daiteke. Behin izena emanda, ibilbidea egin nahi duenarekin jarriko dira harremanetan antolatzaileak, hitzordua adosteko.

Hona hemen egindako ’Aska Tour’ ibilbidearen hainbat irudi: