Iruñea gogoan, adio esan zieten baionarrek aniztasun eta kontrasteen festei
Egunak pasa ahala indar hartzen joan ziren bestek atzo eguerdian izan zuten puntu gorena. Peñek karrikak txarangekin bete zituzten, danborradek hiria dardarka jarri zuten eta Kanboko ziganteek bisitariak zerura begira jarri zituzten. Iruñeko herriari eskainitako egunean, Lapurdiko eta Nafarroako hiriburuetako udal ordezkariek katedraletik udaletxerako bidea elkarrekin egin zuten, «urtean zehar beste hainbat proiekturekin egiten dugun bezala».
Baionako bestek ezaugarri bat badute, hori kontrastea da. Sindikatuen protestak goizeroko yoga saioekin nahasten dira. San Andreseko katedralean ateak irekita ematen da meza eta kanpoan geratu direnentzako bozgorailu indartsuetatik otoitzak errezitatzen dira. Handik metro gutxira, peñetako txaranga eta pankarta artean milaka festazale dantzan noraezean. Hori guztia eta gehiago ikus zitekeen atzo Baionan.
Azken eguna Baionak Iruñeko herriarekin duen senidetasuna goratzeko eguna ere izaten da eta atzokoan ere bi hiriburuetako ordezkariek harremanetan sakontzen jarraitu zuten.
Zizpaperitifa ibiltaria
Goizeko lehen orduetan, egunero lez, gaupaseroak eta jaiki berriak gurutzatzen ziren, azken egunetan ostatu hartu duten hotel eta apartamentuak utzi behar zituzten apopiloek gurpildun maleta astunak garraiatzen zituzten, festazaleen kontrako norabidean, eta eguzkiarekin batera leiho batzuk irekitzen ziren artean, beste batzuk hiriari adio esanez ixten ziren, penaz, hurrengo urtea laster baino lehen iritsiko delakoan.
Gaztetxeko kideek antolatutako Zizpaperitifa Patxa plazatik abiatu zen, Baigorri eta Uztaritzeko gaiteroen doinuekin eta Kanboko erraldoi dantzariekin. Iruñeko Udaleko ordezkariak ere haiekin izan ziren bigarren urtez jarraian, Baionako karriketan gora eta behera, «instituzioetan bakarrik ez, kalean ere harremanak landu behar baitira», azaldu zuen Patricia Perales Iruñeko alkateordeak.
Harremanak trinkotzen
Zizpa gaztetxeko kideekin izandakoa, ordea, ez zen izan Iruñeko Udaleko ordezkariek Baionan izan zuten zita bakarra. Goizeko hamaiketan hasi eta eguerdia pasatxo amaitu zen mezaren ostean, Jean-Rene Etchegaray alkatearekin, Sylvie Durruty alkateordearekin eta Herve Jonathan suprefetarekin egin zuten San Andreseko katedrala eta udaletxea lotzen dituen ibilbidea Patricia Perales eta Joxe Martin Abaurrea Iruñeko hautetsiek.
Izan ere, Iruñeko Udalak egin zuen lehen senidetzea Baionako Herriko Etxearekin izan zen, 1960ko ekainaren 19an, eta ordutik, gehiago edo gutxiago, baina beti izan da harremana bi hirien artean. Harreman horiek azken urteetan indartu egin direla azpimarratu zuen Peralesek, baina «ez bakarrik gaurkoa bezalako egunetan, urtean zehar proiektu desberdinak elkarrekin bultzatzen ari gara».
Hain zuzen, elkarlan iraunkor hori nabarmendu nahi izan zuen Iruñeko alkateordeak, «zeren elkarrekin asko ari gara ikasten, administrazioen arteko lana finkatzen ari da eta egitasmo anitz ari gara egiten, adibidez, tokiko produktuak sustatzeko edo CREACITY bezalako egitasmoak bultzatzeko».
Euskal presoak gogoan
Eguerdian izan zen jende gehien, ekitaldi gehienak ordu horretan izan baitziren. Jende uholdea bakarra zen, baina norabide guztietan zihoazen jende multzoak gurutzatu egiten ziren, mila koloreko kaos ederra osatuz. Danbor joleak, peñak, udaletxeko prozesioa, desfileak, bazen zer nahi eta non nahi.
Arratsaldeko ordu bietan, duela hiru hamarkadatik egiten den presoen aldeko bazkaria egin zuten Patxa plazan. 220 lagunek jan eta edan zuten, Nat & Watsonen akorde bihurrekin lagunduta. Dudarik gabe, herri bazkaria izan zen gauerdira arte bestan jarraitzeko jendeak behar izan zuen edabe magikoa.