INFO

Marea Urdina: Gipuzkoako kostako zeharkaldia autismoaren berri emateko [Dokumentala]

Marea urdina

Marea Urdina egitasmoa dokumental gisa kaleratu berri dute. Uztailaren 7an eta 8an izan zen ekimena eta 400 igerilari inguru aritu ziren Deba, Zumaia eta Donostia arteko itsasozko zeharkaldian. 70 igerilarik zeharkaldi osoa egin zuten erreleboka.

Ikusentzunezkoarekin ekimenean parte hartu zuten guztiei esker ona adierazi nahi dietela esan dute antolatzaileek eta «zeharkaldian bizi izan genituen momentu zoragarriak betiko gorde» nahi dituztela.

Uztailaren hastapenean egindako ekimenarekin autismoaren inguruko sentsibilizazio lana egin nahi izan zuten, egoera hau azalarazteko marea urdin modukoa sortuz.

Marea Urdinak berak plazaratutako datuen arabera gizartearen %5k ezgaitasunen bat du eta %1k du autismoa. Gipuzkoan 1.500 pertsona baino gehiago dira egoera horretan daudenak.

Ekimenaz eta antolatzaileez informazio gehiagorako mareaurdina.org.