INFO

Grezieraz, lituanieraz eta turkieraz eginiko hiru film, Zinemaldiko Glocal in Pogress ekimenean

Hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako Europako ekoizpenak xede dituen Zinemaldiko Glocal in Progress ekimenaren bigarren edizioan Pelin Esmer (Turkia), Ignas Jonynas (Lituania) eta Tassos Gerakinis (Grezia) zinemagileen filmak erakutsiko dituzte.

Ignas Jonynasen ‘Nematoma’ filmaren fotograma bat.

Zinemaldiko antolatzaileek jakinarazi dutenez, Esmer, Jonynas eta Gerakinisen filmak postprodukzio-fasean dauden eta, besteak beste, ekoizle, banatzaile, salmenta-agente eta programatzaileei aurkeztuko zaizkie, lanak amaitzen eta nazioartean banatzen lagun dezaten.

Pelin Esmerrek (Istanbul, 1972) Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen bere bigarren filma, ‘Oyun/The Play’ (2005), euren aldarriak jasoko dituen antzezlan bat muntatu nahi duten herriko emakume batzuei buruzko lana, Tribecan saritutakoa.

Gainera, Sail Ofizialean lehiatu zen ‘11’e 10 Kala / 10 to 11’ (2009) obrarekin. Bildumagile baten eta berreraiki behar den eraikin bateko atezain baten arteko istorio horri esker, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Istanbuleko zinema-jaialdian. ‘Kraliçe Lear / Queen Lear’ filmean jarraipena emango dio ‘Oyun’-eko emakume protagonisten istorioari, antzezlanak haien bizitza aldatu eta gero. Oraingoan, Shakespeareren obraren euren bertsioa antzeztuko dute mendialdeko herrixka urrunetan.

Ignas Jonynas (Vilnius, 1971) ere Zuzendari Berriak sailean izan zen, bere lehen lana ekarri baitzuen: ‘Losejas / The Gambler’ (2013), Lituaniako Zinema Akademiako zuzendari onenaren saria jaso zuena. Haren bigarren filma, ‘Nematoma / Invisible’, Lituania, Letonia eta Ukrainiaren arteko koprodukzio bat da, eta telebistako dantza-lehiaketa batean itsu-plantak egingo dituen gizon bati buruz hitz egiten du.

Tassos Gerakinisen lehenengo lana Grezia eta Estatu frantsesaren arteko koprodukzio bat da: ‘A Simple Man’, iheslari batek bahitutako mahasti-jabe baten istorioa.

Glocal in Progress Industria jarduera abian jarri eta urtebetera, lehenengo edizioko bi film sartu dira 66. Zinemaldiaren programazioan. Telmo Esnalek (Zarautz, 1966) Sail Ofizialean parte hartuko du, emanaldi berezien atalean, ‘Dantza’ dokumentalarekin; aldiz, Hadrian Marcuren (Brăila, Errumania, 1976) ‘Un om la locul lui / A Decent Man’ filma New Directors sailean lehiatuko da. Bodgan Dumitrache da filmaren protagonista, iaz ‘Pororoca’-n egindako lanarengatik gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi eta gero.

Irailaren 24, 25 eta 26an egingo da jarduera, Zinema Eraikitzen 34 eta Europa-Latinoamerika VII. Koprodukzio Foroarekin batera, hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako Europako ekoizpenak ikusgai jartzeko (hau da, alemanez, errusieraz, frantsesez, gaztelaniaz, ingelesez eta italieraz filmatu ez direnak). 2017an, euskaraz filmatutako pelikula batek irabazi zuen Epaimahaiaren Sari Berezia (‘Handia’), eta errumanierazko ekoizpen batek, aldiz, gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra (‘Pororoca’).

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikaren Sailak Glocal Cinema sortu zuen, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmak ekoizten dituzten zinematografien arteko sareak sustatzeko; bada, orain, sail horrek martxan jarritako lana osatzera dator Glocal In Progress.