Donostian, eraso matxisten aurka, «egiturazko neurriak» behar direla aldarrikatu du EH Bilduk
Indarkeria matxistaren gainetik, Eneko Goia alkatearen lehentasunak «beste batzuk» direla kritikatu du EH Bilduk Aste Nagusiko erasoen ostean. «Baina indarkeria matxistaren arazoa lehen mailakoa da Donostian, eta egiturazko neurriak hartu behar dira. Udal gobernu honek erreakzionatu behar du, berandu baino lehen».
Amaia Almirall EH Bilduko zinegotziak Donostiako Aste Nagusian izan diren eraso matxistak salatzeko prentsaurrekoa eman du. Eraso hauek pairatu dituzten pertsonei «babesa eta elkartasuna» adierazi nahi izan die. «Era berean, Donostiako mugimendu feministak eta Piratek erasoei erantzuteko erakutsi duten determinazioa txalotu nahi dugu».
Aste Nagusiaren balantzea, EH Bilduren iritziz, «ezin da positiboa izan, inondik ere». «Gertatutakoa ez dela salbuespen bat gure hirian. Azken hilabetetan Donostian eraso sexisten gorakada ikaragarria dago eta Aste Nagusikoa joera horren beste mugarri bat izan da», adierazi du.
Eraso hauen aurrean, Udal Gobernuari «tamainako politikak martxan jartzea» eskatu dio eta «erantzunkizuna ez ekiditeko». «Goiaren udal gobernua berdintasun arloko politikei dagokienez egiten ari den kudeaketa negargarria salatzeko une da. Izan ere, hilabeteak daramatzagu salatzen Donostia, beste euskal hiriekin alderatuta, atzean geratzen ari dela indarkeria matxistaren aurkako neurriak ezartzeko orduan».
Udal Gobernuak mugimendu feminista «baztertu» egiten duela salatu du EH Bilduk. «Iruñeko adibidea jarraitu beharrean, non instituzioek, mugimendu feministak eta hiritarrek indarkeria matxistaren aurka batera jotzea lortu den, hemen Donostian elkarlana testimoniala da, mugimendu feminista behin eta berriz salatzen ari den moduan».
Eneko Goia alkatearen lehentasunak «beste batzuk» direla kritikatu du koalizioak. «Baina indarkeria matxistaren arazoa lehen mailakoa da Donostian, eta egiturazko neurriak hartu behar dira. Udal gobernu honek erreakzionatu behar du, berandu baino lehen».