Musika estilo oso ezberdinak eta aniztasuna nagusi jai gunean
Bakarra dela munduan dio Aste Nagusiaren abestiak eta bereizgarrietako bat txosnagune erraldoiaren gaugiroa da. Batzuek kontrakoa esan arren, aniztasuna da nagusi eta musika estilo ezberdinak horren lekuko.
Bilboko Konpartsak dira Aste Nagusiaren arima eta orain dela 40 urte jaio zen jai ereduaren asmatzaile eta bultzatzaile nagusiak. Areatzaren inguruan eraikitzen duten txosnagune erraldoia gauero bilakatzen da festaren erdigunea. Hego haizea lagun eta Athleticen garaipen bat elkartuz gero, zaila agertoki hobea aurkitzea, ospakizunetarako gogoa badaukazu behintzat.
Larunbatean jende uholdea elkartu zen Marijaiari ongietorria emateko, baina diotenez, igande gaua makalagoa izan zen. Astelehenean Athleticen eta Leganesen arteko partidak baldintzatzen zuen eguna eta arratsaldetik kamiseta zuri-gorri ugari ikus zitezkeen Areatzan eta Alde Zaharrean konpartseroekin nahasturik.
Aste Nagusian ez dago aspertzeko astirik eta beti dago egiteke zerbait. Afalaurrean La Furia eta Anita Parker ikusteko aukera egon zen Kaskagorrin. Rap abeslariaren diskurtso feministak gupidarik gabe astindu zituen bertan bildutakoen garunak, Unai Muguruzak –bai!, Fermin Muguruzaren semeak– DJ lanetan eta dantzari batek lagundurik. Penaz, baina ezin Anita Parker taldearen kontzertua osorik ikusi, San Mamesera joan beharra baitzegoen Berizzoren taldearen lehen partida ikustera. Hori bai, sarrera bikain batekin abiatu zuten emanaldia, barraketako esatarien estiloan hitz joko eta umore satirikoarekin egindako aurkezpenean. Lehen unetik dantzan jarri zuen Atzekaldea elektro swing doinuekin, orain urtebete Goseren errautsetatik sortutako taldeak.
D’Caprichos ahizpa kubatarrak emanaldia eskaini zuten aldi berean Askapeñaren karpan eta Otxarkoagako Pa... Ya konpartsakoak elektrotxaranga batekin zebiltzan bazterrak astintzen.
Athleticen partidak etenaldia eragin zuen askoren parrandan, baina Muniainek luzapenean sartutako golaren poztasunarekin batera askok txosnetara zerbait hartzera joateko hautua egin zuten. Jai gunerako sarreraz ohartarazten zuten Plaza Biribiletik Zabalbururako etorbidean Udaltzaingoak ezarritako ‘check-point’-ak eta bozgorailuetatik beste edozein tokitan baino ozenago entzuten zen ‘modako’ musikak.
Nafarroa kalean afrikar jatorriko perkusionistek eta latinoamerikar breakdance dantzarien ikuskizunak giro ezberdin batean murgiltzera zindoazela erakusten zuten. Algara konpartsan Moonshakers ari ziren zuzenean, eta Orquesta Casting berbena Arriaga plazaren ondoan argi deigarriekin nabarmenduz. Tartean txurrogileak, eta kale saltzaile ugarik kamiseta eta gauza ezberdinekin ezarritako postuak. Askotan entzuten da txosnetan ez dagoela aniztasunik, baina bertan ikus daitezkeen estilo guztiz ezberdinetako taldeek edo gaur egun gero eta sarriago dauden DJek erakusten dute ez dela horrela. Bi talde horiekin batera Etsaiakeroak ari ziren jotzen Kaixo konpartsan eta Bad Sound System Kulturgunean. Iruindarrek builaka eta mugimenduan jarri zituzten hurbildu ziren guztiak. Horien artean, Eneko Sagardoi “Handia” filmeko aktorea. Abeslariak mikrofonotik dei egin zuen Bilboko jai eredua zaintzera.
.
«Cómeme el dónut»
Komantxe konpartsakoek rap gaua antolatu zuten eta Nizuri Tazuneri taldekoak taula gainean zeuden bitartean, Kaialdeko gunean Sutan taldekoak Iheskide talde elorriotarraren kantu bat jotzen ari ziren. Euskalgunean berriz, Mud Candies taldekoak zeuden kontrabaxu, gitarra akustiko eta biolinarekin beste egiteko modu bat erakutsiz.
80ko hamarkadako euskal musika gehiegi jartzen dela izaten da beste ohiko kexa bat, eta kasualitatea izango da, baina astelehenean ez nuen halakorik entzun. Moskotarrak konpartsaren txosna topera zegoen musika dantzagarriarekin, baina benetako betekada eta gune jendetsuena Pinpilinpauxarena izan zen. Purpurina artean, Glitch Gyals bikoteko kideak telebista programa espainiar batean ezagun egindako “Cómeme el dónut” edo “Muslona” izenburuko estribilloak errepikatzen zituzten mobilarekin grabatzen ari ziren jendetzaren aurrean. Harrigarria, sinestezina, ulertezina?... bakoitzak aukeratuko du gustuko duen musika edo parranda modua. Esanak esan, Areatzan behintzat musika estilo anitzez eta oso ezberdinez gozatu daiteke.