INFO

Uribarri konpartsak jaso du Aste Nagusiko txosnarik dotoreenari ematen zaion kanpaia

Publikoaren botoek hala erabakita, Uribarri konpartsak jaso du urtero txosnarik dotoreenari ematen zaion Kanpaia saria. Txosna «gatzgabeenari» ematen zion Eulia Satorrak konpartsarentzako izan da. 

Uribarri konpartsako kideak, txosna dotoreenari ematen zaion aitortza eskutan. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Hamabigarren urtez banatu dituzte Bilboko Konpartsek Kanpaia eta Eulia, txosnarik dotoreenari eta traketsenari ematen zaizkien aitortzak. 

2018ko Aste Nagusiko Kanpaia Uribarri konpartsarentzat izan da. Aurrenekoz jaso du aitortza hau, herritarrek emandako botoen %38,21a bilduta. 

Marijaia kapotarik gabeko Dyane 6 batean 1978ko Aste Nagusira ezustean heldu zeneko irudia erabili du Uribarri konpartsak, graffiti artisau-lan batez. Horrekin batera, lekua egin diete txosnan orain arteko Aste Nagusien kartelei. Dekorazioak lotura handia dauka konpartsarekin, Uribarrik ere 40 urte bete dituelako aurten, Marijaiak eta Aste Nagusiak bezala.

Aste Nagusia bukatu bitartean Uribarri konpartsaren txosnan ikusi ahalko da Kanpaia. Satorrak konpartsaren txosnan Eulia egongo da ikusgai. 

2007an sortu zituzten bi aitortza hauek Bilboko Konpartsek, modu bihurri batean konpartsak zirikatzeko. Bi helburu zituzten horrekin, txosnen dekorazioa hobetzea eta jai-eremua atontzeko ahaleginei bultzada ematea. 

Hasieran konpartsek asanbladan erabakitzen zituzten saridunak, baina 2014az geroztik herritarrek aukeratzen dute, boto bidez. 

Hontzak konpartsa izan da orain arte kanpai gehien irabazi dituena, bost alditan jaso baitu aitortza hori (2009, 2010, 2011, 2016 eta 2017an). Eguzkizaleak konpartsak, aldiz, lautan (2007, 2008, 2012 eta 2015an).