INFO

Adur Ramirez de Alda eta Aratz Urrizola altsasuar gazteak ere Euskal Herrira bidean dira

Ostiralean ekarri zituzten Zaballako espetxera Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea eta gaur baieztatu da Euskal Herrira bidean direla Altsasuko beste bi gazte ere, Adur Ramiez de Alda eta Aratz Urrizola.

Altsasuko gazteen aldeko Aitzinaren protesta Baionan. © Isabelle Miquelestorena

Iruñea eta Zaballako espetxeetara gerturatzeko eskaria egina zuten eta hona bidean dira Adur Ramirez de Alda eta Aratz Urrizola altsasuar gazteak ere. Atzo Zaballara iritsi ziren Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea.

Luze jo ohi dute espetxe aldaketek eta hurrengo egunetan espero da beste bi altsasuarren euskal herriratzea. Goikoetxea eta Coben kasuan ia astebete egin zuten Soto del Real eta Zaballa arteko bidea egiten. Gaur bertan lehen bisita izan dute arabar espetxean.

Azken aldaketa hauekin, beraz, espetxeratutako Altsasuko zazpi gazteetatik lau Euskal Herrian izango dira. Iñaki Abad, Jokin Unamono eta Oihan Arnanz dira gainerako hiru espetxeratuak.