INFO

Elkartasun gosaria Santutxun, migratzaile eta errefuxiatuekin

Bilboko Harrera Auzoak elkarteak elkartasun gosaria egin zuen atzo Santutxun migratzaile eta errefuxiatuekin. Ekintza horren bitartez, pertsonoi gosaria eskaintzeaz gain, mezu bat luzatu nahi izan zieten euskal erakundeei, batez ere Bilboko Udalari.

Elkartasun gosaria migratzaileekin. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Bilboko Harrera Auzoak elkarteak elkartasun gosaria egin zuen atzo Santutxun migratzaile eta errefuxiatuekin. Ekintza horren bitartez, pertsonoi gosaria eskaintzeaz gain, mezu bat luzatu nahi izan zieten euskal erakundeei, batez ere Bilboko Udalari: «Pertsonon oinarrizko beharrak bete behar ditu, orain arte Bilboko auzokideak ari baitira horiek asetzen».

EAEko Cear elkarteak begi onez ikusten du herritarrak egiten ari diren lana, baina erakundeek egin beharreko zerbait dela uste du, administrazioek «eskarmentu handia» baitute horrelako auzietan. Cear elkarteko presidente Javier Galparsorok azaldu zuenez, migratzaile gehienak epe baterako daude gurean, baina baliteke batzuk bertan gelditu nahi izatea, eta horregatik da hain garrantzitsua erakundeen parte hartzea, «harrerak erabatekoa» izan behar duelako.

Galparsorok nabarmendu zuenez, pertsonen zirkulazio askea ez da uste bezain erraza. Horren erakusle gisa jarri zituen Estatu frantsesa mugan jartzen ari den oztopoak.