INFO

Zinemaldiaren Donostia sarietako batek Judi Dench antzezlearen ibilbidea sarituko du

Judi Dench britainiar antzezleak Donostia sarietako bat jasoko du 66. Donostia Zinemaldian. Zinemaldiaren ohorezko sari garrantzitsuena irailaren 25ean banatuko zaio, ‘Red Joan’ (Trevor Nunn) filmaren emanaldiaren aurretik.

Judi Dench britaniarrak jasoko du Donostia sarietako bat. (ZINEMALDIA)

Oscar sarietarako zazpi izendapen jaso dituen Judi Dench antzezlea Donostiara datorren lehen aldia izango da. Duela 20 urte antzeztaldeko aktore onenaren estatuatxoa lortu zuen ‘Shakespeare in Love’ filmean Elisabet I.a hezurmamitzean egindako lanagatik. Oscar sariak, halaber, aitorpen handia egin zien Denchi eta haren lan ibilbideari, bereziki Shakespeareren lan garrantzitsuenekin duen lotura kontuan harturik. Denchek oholtzaren gainean hasi zen antzezten, Londreseko Old Vic eta The National antzoki prestigio handikoetan; ondoren, Shakespeareren dama handiak eraman zituen Stratford-upon-Avoneko Royal Shakespeare Company antzerki-taldean.

Denchek kritikak txalotutako film askotan parte hartu du 1964. urtean zineman debuta egin zuenetik, eta zinemagile interesgarrienetako batzuekin aritu da. Besteak beste, Stephen Frears, James Ivory, Kenneth Branagh, Franco Zeffirelli, Sally Potter, Clint Eastwood eta Sam Mendes zuzendarien esanetara. Horrez gain, dozenaka sari bildu ditu bere ibilbidean bete dituen rolengatik: Viktoria erregina izan zen ‘Mrs Brown’ (1997) filmean, Armande Voizin xelebrea ‘Chocolat’ lanean (2000); Iris Murdoch nobelagilea ‘Iris’-en (2001), antzerki enpresaria ‘Mrs Henderson Presents’-en (2005); irakasle gatazkatia ‘Notes on a Scandal’-en (2006); lapurtu dioten semearen bila ari den ama ‘Philomena’-n (2013); berriz ere Viktoria erregina ‘Victoria & Abdul’ filmean (2017); eta M, Britainia Handiko inteligentzia-zerbitzuaren arduraduna, ‘James Bond’ sagako filmetatik zazpitan.

Trevor Nunn antzerki zuzendari emankorrak behin baino gehiagotan zuzendu du Dench Britainia Handiko eszenatokietan, eta orain zinemagintzara itzuli berri da ‘Red Joan’ filmarekin. Aurrez zuzendu dituen lanen artean, ‘Lady Jane’ (1996) eta ‘Twelfth Night or What You Will’ (1996) daude. Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatu ziren biak.

Datorren urtean Kenneth Branaghen azken lana, ‘Artemis Fowl’, eta Andy Goddarden ‘Six Minutes to Midnight’ protagonizatuko ditu Denchek.