INFO

Volkswagenen desadostasunak sortu ditu behin-behineko lan erregulazioak

ELAk eta LABek uko egin diote Volkswagen-ek Landabenen zortzi egunez lana eteteko egin duen proposamenari; UGT eta CCOO, ordea, alde daude eta ziurrena da gaur akordioa lortzea. Fabrika itxita egongo da hilaren 3tik 12ra eta osagarri finkoak %100 ordainduko zaizkie.


Ekoizpen katea hornitzeko arazoak direla eta, Volkswagen autogintza etxe alemanak Landabengo industrialdean dituen langileei zortzi eguneko behin-behineko lan erregulazio espedientea proposatu die. Sindikatuek alde bateko zein besteko iritziak adierazi dituzte jada, baina aurreikuspenak betetzen badira, gaur bertan zuzendaritzak akordioa itxiko du enpresa batzordean UGTren eta CCOOren oniritzia jaso ondoren. Bi sindikatuena da gehiengoa.

LABek eta ELAk ez dute erabakia partekatzen eta enpresari «kudeaketa eskasa» eta «aurreikuspen falta» egotzi dizkiote. «Neurri hau lekuz kanpo dago, egoera beste modu batera konpondu daiteke», adierazi zuen lehenengoak ohar bidez.

Imanol Rodriguez metalgintza enpresa handietako LABeko ordezkariaren hitzetan, enpresak duela urtebete bazuen egoeraren berri eta «denbora nahikoa izan du irtenbide bilatzeko». Gogor kritikatu dute irtenbidea lan erregulazio bat izatea; alde horretatik, zera ohartarazi du sindikatu abertzaleak: neurriak ez ditu langile zuzenak soilik kaltetuko (4.500 inguru), baita ere hornitzaile zein enpresa azpikontratatuak (13.000 langile gutxi gorabehera).

ELAk ere ez du erabakia zentzuzkotzat jotzen, eta etorkizunari begira «aurrekari arriskutsua» izan daitekeela uste du «soldatak %100ean bermatuak baleude ere», adierazi zuen ohar bidez. Gauzak horrela, aurreratu du Lan Ikuskaritzara jotzeko asmoa duela behin-behineko enplegu erregulazio espediente honen inpugnazioaren prozesuari hasiera emateko.

Alternatibak eta akordioa

Bi sindikatuek alternatibak daudela uste dute. LABek, esaterako, Aljeriako merkaturako diren diesel autoen ekoizpena aurreratzea proposatu du, falta diren gasolina motorrak Landabenera heldu bitartean lanean jarraitu ahal izateko.

«Lan jardunaldi hauek formazioa emateko edo balioaniztasunak sortzeko erabil daitezke», uste du ELAk. Proposatu du halaber «ekoizpenaren erritmoa moteltzea», txandak edo larunbatak kentzea hornidura eta ekoizpen katea guztiz egokitu arte, baina hauek guztiak enpresak atzera bota ditu, iturri berberen arabera.

Gaur itxi daitekeen akordioaren arabera, beraz, Landaben itxita egongo da zortzi egunez jarraian, UGTk eta CCOOk hala eskatuta, eta osagarri finkoak denak ordainduko dira.

Enpresak ere hitza eman du neurriak ez duela eraginik izango langileen osagarri aldagarrietan, ezta ere eskarmentu gehien duten langileen erretiroetan. Era berean, urtean zehar Nafarroako egoitzan egoera errepikatuko balitz, Volkswagenek konpromisoa agertu du neurriaren kostua bere gain hartzeko bere osotasunean.