INFO

Presoen auzia konpontzeko «hitz hutsez harago ekintzak» aldarrikatu ditu Kalera Kalerak

Kalera Kalera dinamikak «Bada garaia. Orain presoak» lelopean manifestazioa antolatu du heldu den igandean Donostian, Kontxako estropaden ondoren. «Hitz hutsez» harago, ekintzak aldarrikatu ditu presoen egoerari irtenbidea emateko eta mobilizatzeko deia egin du.

Kontxako estropaden ondorengo manifestazioa aurkeztu du Kalera Kalerak. (Maialen ANDRES/FOKU)

Kalera Kalerak heldu den igandean, Kontxako estropaden ondoren, Donostian egingo den manifestazioa aurkeztu du. 13.30ean izango da, Bulebarretik abiatuta, «Bada garaia. Orain presoak» lelopean. 

Haimar Altunak eta Olaia Matxainek esan dutenez, presoen egoeraren irtenbide posibleei buruz «adierazpen asko» entzuten ari dira azken asteotan, baina «itxaropen faltsuak hauspo ditzaketen hitz hutsez harago, ekintzarik» ez dute antzematen. «Erregimen posfrankistak etsipena zabaldu nahi du gure artean. Eta ez da bakarrik gure sentimenduekin jokatzen ari, presoen eta senideen bizitzekin ere jokatzen ari da», salatu dute. 

Hori «onartezina» dela uste dute eta egoera horrek «lehenbailehen» bukatu behar duela aldarrikatu.

Nabarmendu dutenez, euskal herritarren gehiengo zabalak presoen auziarentzat konponbide «duin eta arrazoizkoa» nahi du, eta gehiengo sozial, politiko, sindikal eta instituzionala abian da espetxe politikan «aldaketa kualitatibo bat» eskatzeko eta euskal preso politikoek jasaten duten salbuespeneko erregimenaren amaiera eskatzeko.

Presoen «korapiloa» konpontzeko «azken presoa kaleratzea aurreikusiko duen etorkizuna» behar da, Kalera Kaleraren iritziz, eta hori «kalean aldarrikatu behar dugu».

«Gobernuak eta Estatuko estamentuek ez dute pausorik emango guk ezer egiten ez dugun bitartean. Orain kalera irten behar dugu, presorik, iheslaririk eta deportaturik gabeko Euskal Herria lehenbailehen behar dugulako», adierazi dute.

Gatazka politikoaren ondorioak konpondu ezean bake eta bizikidetzan ezingo dela aurrera egin ohartarazi dute, eta gerturatzea, gaixo dauden presoak, zigor metaketak eta gradu progresioak «premiazkoak» direla erantsi.

«Gure ontzian palada gogorrak ematea dagokigu, aurkariak lehenbailehen ziaboga eman dezan. Ez gara etsipenean eroriko. Ipar Euskal Herrian kontsentsuak eta mobilizazioak Estatu frantsesa mugiarazi du, lehen urratsak ematen hasia baita. Orain Estatu espainiarra mugiarazi behar dugu».