INFO

GetxoPhoto ez da soilik erakusketa bat, eztabaida sortzea du helburu

Gatazka-ostea eta elkarrizketak berreraikitzea hartu dute gaitzat bihar abiatuko den GetxoPhotoko 12. edizio honetan. Monika Allende artista grafikoa komisario lanetan buru-belarri aritu da eta mundu osoko hogei artistaren lanak batuko dira irailean zehar Bizkaiko herri honetan. Imanol Landa Getxoko alkateak proposamen kalitatezko eta erakargarritzat jo du argazki jaialdia eta iazko datuetan oinarritu da horretarako.


Irudiak aurkezteko moduak ezberdintzen du GetxoPhoto jaialdia gainerako argazki erakusketetatik. «Irakurtzeko geruza ezberdinak» daudela esan zuen Monika Allende komisario artistikoak aurkezpen ekitaldian. Kalitatea, urte osoko ahalegina eta artisten inplikazioa gako dira horretarako. Gatazken osteko egoerak aztertzeko lanean jarri dituzte nazioarteko eta bertoko artistak, eta mundu osotik iritsi dira proposamenak Getxoko antolatzaileengana.

Jokin Aspuru BegiHandi talde antolatzaileko kideak adierazi zuenez, «elkarlana luzea bezain nekagarria, eta batez ere aberasgarria da». Bigarren urtea dute GetxoPhoto jaialdian Londresetik etorritako eta jatorri bilbotarra duen Monika Allende komisarioarekin. Eta emakume zorrotza dela erakutsi zuen. «Baina emaitzak ikusita merezi du, egin dezakegun GetxoPhoto jaialdi onena daukagulako begien aurrean», esan zuen baikor Jokin Aspuruk. Monika Allendek berak ere lan egiteko bere «konfort egoeratik at» aritu dela aitortu zuen jaialdiaren bezperetan. «Horrelako plataforma bat izatearekin oso kontent nago, hau guztiau eskura izatea pribilegioa da». Lantaldearekin eta lortutako emaitza artistikoarekin harro agertu zen eta aldez aurretik aitorpen bat egin zuen: «Ez da erraza nirekin lan egitea, baina oso pozik nago nola hartu nauten Getxon, eta bigarren urtea da GetxoPhoton lanean jarduten naizela».

Anbizio handiko eta izaera gogorreko sortzailea eta kultur ekoizlea da Allende, baina bere jarrera eta lan egiteko gaitasunari esker, mundu osko gatazkak eta artistak Getxon batzea lortu du. «Urtero gehiago eskatzen dut, hobeto egin nahi ditut gauzak, eta lantaldeak ondo erantzuten du», bota zuen jaialdiko antolatzaile eta Getxoko alkatearen aurrean. Keinu baikorrak ondotik.

Allenderen hitzetan, GetxoPhotok «berrikuntza dakar, istorioak kontatzeko modu berrien bitartez». Argazkigintza soiletik harago, gatazka ezberdinak gurera ekartzeko ahalegina egin dute aurtengo jaialdian, eta elkarrizketak berreraikitzea dute helburu. Ikusleak partaide aktibo izango dituen proposamena da aurtengoa ere.

XX. mendeko gatazkak ez ezik (36ko gerra, Ekuatore Gineako gatazka, II. Mundu Gerra, nazien okupazioa), gaur- gaurko gaiak eta egoerak ere agerian geratuko dira erakusketa eta proposamen artistiko ezberdinetan. Alemaniak iraultza energetikoaren inguruan duen kezka, Estatu espainolean neurrigabeko urbanismoaren ondorioak, Kurdistango emakume gerrillari yezidiek Estatu Islamikoari zelan aurre egiten dioten, Greziako karriketan landutako molotov koktelak edota Amazoniako guaraniek landutako rap kulturari buruzko kezkak.

Erreferentea kanpoan

Mundu osoko artistak batzen dira Getxon; nazioarteko 250 proposamen jaso dituzte aurten ere berton parte hartzeko. Eta oihartzuna ere handia da gure mugetatik kanpo. Getxoko alkate Imanol Landak gizartetik sortutako ekimen gisa sailkatu zuen argazki jaialdia, eta instituzioek gogotsu lagundu beharrekoa. «Getxoko eskaintza kultural aberasgarriaren parte da jaialdi hau, eta ekimen garrantzitsua delako harro gaude», adierazi zuen Landak. «Proposamen erakargarria eta kalitatezkoa da, duda barik» gaineratu zuen Getxoko eledunak.

Iaz, 80.000 lagunek ikusi zituzten kaleko argazki eta erakusketak; 10.000, berriz, erakusketa aretoetan sartu ziren, eta informazio bulegoan 5.000 eskaera eta bisita izan zituzten. «Kalkulatu dugunez, GetxoPhotok 3 milioi inpaktu izan zituen guztira sare sozialetan eta Interneten», zehaztu zuen alkateak. Eta «oihartzuna kalitatean oinarrituta dagoela» azpimarratu nahi izan zuen, «herrian sustraitutako ekimen berritzaile eta parte hartzailea delako».

 

Gatazka eta «Egin» egunkariaren itxiera

Euskal Herriko historia hurbilean ere murgildu da aurten GetxoPhoto. ETAren garaia gogoratzeaz gain, duela 20 urte Garzon epailearen aginduz Poliziak itxitako “Egin” egunkariko Hernaniko egoitzan egindako argazkiek ere presentzia dute Clemente Bernad artistaren “Hitz egin” lanean. ETAren amaierari eta euskal gatazkari buruz modu sinbolikoan hitz egiten du, abandonatutako eta espoliatutako nabe baten gainbeheraren irudien bitartez. Iruñean sortutako artistak lehenago ere landu izan du Euskal Herriko gatazka “Basque chronicles” obran eta gaur egun ere egoera soziopolitikoa aztertu eta horretan lan egiten ari da.

«Munduan botere gehien duen pertsona mendekatzeko aukera» ere eskaintzen du GetxoPhotok. 5x8 metroko puzgarri batean Trump estatubatuarraren aurpegiaren gainean salto egiteko modua dago “Jump Trump” lanean. Getxo Antzokian, 3 metroko altueratik salto egin daiteke Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen gainera. P.G.