INFO
Entrevista
JAIONE AZPARREN
ZAINKETA ARINGARRIETAKO PSIKOLOGOA

«Zainketa aringarriak hazteko aukera dira. Nahiz eta heriotza hurbil egon, hazten segitzen dugu»

2011z geroztik Iruñeko San Juan de Dios ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko psikologoa da Jaione Azparren. Palian proiektuan elkarlanean ari da diziplina anitzeko profesionalekin arreta hobetzeko asmoz. Atarrabiako Danda Salud zentroan ere badabil. Bertan osasuntsu egoten laguntzen dute arlo desberdinetatik, denak lotuak: osteopatia, fisioterapia, elikadura, yoga eta psikologia.


Nafarroa Unibertsitatean ematekoak ziren “Gaixotasun aurreratu eta terminalean zainketa eta laguntzea” ikastaroaren aitzakiarekin jo dugu bertan hizlari aritzekoa zen Jaione Azparren psikologoarengana. Nahiko jende apuntatu ez zela-eta, bertan behera utzi behar izan zuten azkenean kurtsoa. Baina interesgarri ikusi dugu elkarrizketa kaleratzea, bereziki galeren eskutik doan bide aberasgarria erakusten duelako.

Ikastaroan jende guttik izena eman izana gaiaz mintzatzeko beldurraren erakusle da?

Nire ustez, ez. Lotuago egon daiteke datarekin (justu oporren bueltan) edo deialdia behar adina denboraz egin ez izanarekin. Antzeko ekintzak egiten dira; adibidez, azaroaren 1ean Goizargi elkarteak eta San Juan de Dios Ospitaleak doluaren inguruan egiten dituzten jardunaldiak. Dolu ezberdinei aurre egiteko modu ezberdinak, dolua haurrengan... Gai zailak lantzen dira eta jendea joaten da. Horien inguruan mintzatzeko kafeak ere antolatzen dira eta horietan ere biltzen dira herritarrak. Egia da beldurra ematen duela. Nire lagunen artean, adibidez, batzuek naturaltasunez hitz egiten dute, baina badira beste batzuk ez dutenak gaia ukitu nahi. Badirudi ukitzen ez baduzu ez zaizula gertatuko edo urrunago daukazula.

Zer dira zainketa aringarriak?

Bizitzaren bukaeran egiten diren zainketak dira, diziplina anitzetakoak. Medikuaren lana, psikologoarena, erizainarena, gizarte langilearena eta zerbitzu espiritualarena (ez bakarrik erlijiosoa, zentzu zabalean sentitzen diren gauzak) hartzen ditu barrenean. Guztiak elkarlanean aritzen gara, bilerak egiten ditugu, bateratze saioak, kasuak lantzeko eta ikuspuntu ezberdinetatik, osotasunean ikusteko. Zainketa aringarrietan barneratua dago diziplinarteko lan hau, agian beste zerbitzuetan baino gehiago.

Eta zer lan egiten duzu Atarrabiako Danda-ko kontsultan?

Batez ere helduekin lan egiten dut, baina haurrengana ere hurbildu nahi dut. Gai ezberdinak ekartzen ditu jendeak: antsietatea, depresioa, dolua... Krisiak lantzen ditugu orokorrean. Dolua ez da bakarrik norbaiten heriotzarekin etortzen: bikotearekin uzten dugunean, lanetik botatzen gaituztenean, bizitokiz aldatzen garenean etor daiteke. Askotan topatzen ditut bizitza krisiak. Biziari zentzua eman nahia, aldaketak egin eta norberaren esentziara hurbiltzeko nahia. Danda zentroan fisioterapeuta eta yoga irakasle batekin eta nutrizionista batekin egiten dut lan, eta kasuak elkarbanatzea proposatzen dugu, osotasunean hartzeko. Adibidez, fisioak batzuetan ikusten du min fisikoak emozioekin lotuta daudela eta sendatze prozesuan lagun dezakeela psikologoarekin egindako lanak.

Zainketa aringarrietara bueltatuz, zer alde positibo eta onura dituzte?

Bukaerako prozesua hazteko aukera bat da. Nahiz eta heriotza gertu egon, hazten jarraitzen dugu. Zaintzeko garaia da, ez sendatzekoa. Lehenengo behar dena sufrimendu fisikoa arintzea da. Horretaz gain, bizitza kalitatea zaintzea bukaera arte. Zintzilik geratzen diren kontuak ebazten lagun dezakegu eta pertsonari autonomia eman diezaiokegu, erabakiak hartzen jarraitzeko. Bere hitzari garrantzia ematen diogu, bere prozesua berea izateko. Alde batetik pazienteekin aritzen gara, baina horiei laguntzen ari diren senide eta lagunek ere, prozesuaren parte izanik, beren prozesu pertsonala jarraitzen dute eta asko ikasten den momentu bat da.

Zer sentipen eta bizipen izaten dituzte gaixotasun terminala dutenek?

Hiltzen ari ez den pertsona batenak bezalakoak. Haserrea ager daiteke, tristura, beldurra, baina baita lasaitasuna ere. Maitasunerako garaia da eta poztasuna ere ager daiteke.

Eta zaintzaileek?

Gauza bera. Norbera bere emozioekin nola erlazionatzen den jakitea garrantzitsua da, horrek markatuko baitu bestea bizitzen ari denarekin nola erlazionatuko garen. Autoezagutzan murgiltzeko zenbait galdera luzatu ahal dizkiogu geure buruari: nola erlazionatzen zara zure emozioekin, emozio guztiekin berdin erlazionatzen zara? Norbait zaintzen ari zarela zuri kudeatzea zaila egiten zaizun emozio bat azaleratzen badu pertsona horrek, zer gertatzen zaizu zuri egoera horrekin? Batzuetan ez dakizu nola kudeatu. Zer esan behar diozu, lasai egoteko, pasatuko zaiola? Zein da nire erantzuna? Nola komunikatzen naiz? Norbait bizi bukaerako prozesuan laguntzeak aukera ematen digu geure burua ezagutzeko eta hazi ahal izateko. Norberak bere burua ezagutzea garrantzitsua da bizitzaren bukaera prozesu honetan, zein bizitzan orokorrean, geure erlazioak, bizipenak... aberasgarriagoak izan baitaitezke.

Nola lantzen duzue hori?

Emozioak balidatzen ditugu, azaleratzeko baimena eta espazioa eskaintzen diogu pertsonari. Aurrean duzun pertsonari hori sentitzeko baimena ematen diozu eta laguntzen diozu berak bere buruari baimen hori eman diezaion eta behar duen bezala azalera dezan: negarrez, oihuka... horrek baretzen laguntzen gaitu eta horrela ordenatu gaitezke eta gauzak argiago ikusi. Prozesua bizitzeko baimena ematen diogunean geure buruari eta kontzienteago garen heinean, eskaintzen diguten laguntzarekin, zintzilik ditugun kontuak ebazten ditugu, komunikazioa hobe daiteke, eta baretasuna ere lortu. Askotan, ez dugu ezer esan behar, batez ere momentu hauetan. Kontzientzia izanik presentziatik lagun dezakegu, eta horrela guretzat zaila den emozio bat azaleratzen badu, lagundu ahalko dugu: ez moztuz, azaleratze horretan lagunduz presentziatik, epaiketak alde batera utziz.

Errespetatuz.

Hori da. Eskalatzean bezala da. Bat gora doa eta besteak segurtatzen du, arretaz, zentzumen guztiak irekiz. Bere prozesua errespetatuz. 

Profesional gisa, zein sentimendu sortzen zaizkizu zuri?

Oso garrantzitsua da presentzia eta autokontzientzia lantzea. Nik meditazioaren bidez lantzen dut. Benetan hor egoteko, garbi, epaitu gabe, beste gauza batzuetan pentsatu gabe. Isiltasunetik eta zentzumen guztiak irekita bestearekin erlazionatzen zara. Egia da sentimenduak eragiten dizkizula bestearen prozesuak, gero norberak landu beharko dituenak. Bestearekin gaudenean, osotasunean egotea da garrantzitsuena.