INFO

«Der Unschukdige», egiaren eta fedearen gaineko gogoeta

Muturreko kristautasunak fededunengan izan ditzakeen eraginez diharduen 'Der Unschukdige / The Innocent' filmarekin sartu da Simon Jaquemeten Urrezko Maskorraren lehian. Egiaren erlatibotasuna eta fedearen gaineko gogoeta egin nahi izan du zuzendari suitzarrak.

Filmeko protagonistak eta zuzendaria, gaur Kursaaleko photocallean. Gorka RUBIO | FOKU

Zinemaldian egona da aurretik Simon Jaquemet. 2014. urtean Zuzendari Berriak sailean hartu zuen parte bere lehen lan luzearekin, 'Chrieg', eta bigarrenarekin lortu du Urrezko Maskorraren lehian sartzea. Jaioterri duen Suitzara begira jarrita, muturreko kristautasunaren eta egiaren erlatibotasunaren gogoeta egiten du lan honetan Jaquemetek, familia baten gorabeherak hizpide hartuta. Amak, Ruthek (Judith Hofmann), animaliekin ikerketak egiten dituen laborategi batean lan egiten du eta gaztaroko maitalearen heriotzaren berri izaten duenean gainbehera etorriko zaio bizi duen bizitza. Amaren aldaerak familia osoan izango du eragina eta partaide diren elizako kideak Ruth «bide onera» erakartzen ahaleginduko dira, hura deabruak hartua dagoela sinetsita.

Filmak harrera epela izan du zinemaldian, amaiera zenbaiten ustez «irekiegiak» ikuslea noraezean uzten baitu baina, emanaldiaren ostean prentsaren aurrean egin duen agerraldian, helburua horixe bera zela argudiatu du Jaquemetek: «Zer den erreala eta zer ez ez da horren garrantzitsua, nire asmoa egiaren kapa ezberdinak sortzea izan da, ikuslea ere Ruthen egoera berean egon dadin: berak ere ez daki zer den erreala eta zer ez».

Suitzan katolisizmoaren beherakada ematen ari bada ere eliza ebanjelikoa gorakada etengabean dagoela ere esan du Jaquemetek eta, bera «bereziki elizkoia» ez dela aitortuta ere, hainbat elizatan egon dela aipatu du. «Uste dut eliza gehienak irekiak eta kritikoak direla, baina aurkitu ditut horrelakoak ez direnak ere, batez ere nerabeak erakartzen ahalegintzen direnak eta horretarako marketin kanpaina bikainak osatzen dituztenak. Suitzan gertatzen ari da, eta ausartuko nintzake Europan ere gertatzen ari dela esatera», esan du. Hofmann-ek gaineratu du musika, dantza eta talk show-ak erabiltzen dituztela horretarako: «Batzuetan karaoke batean egotea bezalakoa da, dantza egiten dute, zeremoniek kontzertuak dirudite… azken batean zure barne zalantzetara iristeko bide horiek erabiltzen dituzte eta, filmean ikusi dugun bezala, batzuek ez dizute ihes egiten uzten».

Zuzendariaren hitzetan, Hofmman-ek interpretatzen duen pertsonaia izan zen gidoia idaztera bultzatu zuena. Fedearen galera eta egiaren bilaketa antzua irudikatzen ditu pertsonaia horrek. «Oraintxe ikusi dut lehen aldiz filma eta ikusitakoa barneratzen ari naiz –aitortu du–. Elizaz hitz egiten du, egiaz, baita hartu behar izaten ditugun erabakiez ere», esan du.