INFO

Bullyingak egin dezakeen minean barneratzen da ‘Ferrugem’ filma

Horizontes Latinos sailean aurkeztu dute iazko Zinema Eraikitzen saria lortu zuen lana. Pil-pilean dagoen zinberbullyingaren gaian murgiltzen da ekoizpen brasildarra.

Zuzendariak eta ekoizleak euren lanaren berri eman dute Victoria Eugeniako sotoan.

Zinema Eraikitzen Industria saria irabazi zuen ‘Ferrugem’ (‘Rust’) filmak eta Sundanceko World Cinema Dramatic sailean parte hartu ostean, berriro iritsi da Donostiara, jada osatuta, Horizontes Latinos sailean lekua hartuz. Aly Murituba zuzendaria eta Antonio Junior ekoizlea izan dira lana aurkezten Horizontes Gosarietan, gaur goizean.

Filma oso aktuala da sare sozialak, bullyinga eta gazteen suizidioa dituelako gaitzat. «Gaur egun ziberbullyinga eta nesken intimitatearen urraketa, tamalez, oso zabalduta dago. Gidoia idazten ari ginela honelako kasuen bila ari ginen eta prentsak ugari aurkitu ditugu, beraz, esan dezakegu filma benetan gertatu diren kasu askotan oinarritu garela», esan du Muritubak.

Izenburuak «erdoildu» esan nahi du eta metafora bat da. «Hiperkonektatua dagoen mundu honetan enpatia bezalako balioak erdoiltzen ari direla iruditzen zait. Pelikulako protagonistak bizi duena islatzen du, eduki sexualeko bideo bat interneten zabaldu ostean jendeak epaitu egiten du eta bere burua suntsitzen doa».

Filma bi zatitan dago banatuta; lehena biziagoa da, nerabearen bizimoduari helduz, gauza gehiago pasatzen direlako, azkarrago, eta korte gehiago daude. Bigarren parteak, luzera berdina duen arren, luzeagoa dirudi sekuentziak luzeagoak direlako, erritmoa jaisten delako eta korte gutxiago egiten dituztelako. Horrek gogoetarako aukera ematen du. «Argi genuen hasieratik bi parte egin nahi genituela. Arriskatua da baina horrek motibatu egiten gaitu. Parte bakoitza baliagarria da bullyingaren bi aldeak azaltzeko», esan du ekoizleak. Zuzendariak gehitu du lengoaia zinematografikoaren aldaketa horrek harremana duela kontatzen dutenarekin: «Lehen partean biktmari buruz ari gara, baina garantzitsua zen ere biktima suntsitzen duten mutilei buruz aritzea, eta horretarako beharrezkoa zen bigarren zatia. Jazarpenaren ondorioei buruz hitz egiteko mundu analogikora, internetera konexiorik ez duen mundura, jo nuen. Interneterako sarbide txarra duen hondartza batera mugitu ginen, mutilak egin duenari buruz pentsatzeko aukera izan zezan».

«Guzti honek badauka harremana nere belaunaldiko gurasoekin, denbora guztian interneten pasatzen duten eta euren buruari begira bizi diren haurrak hezten ari garelako. Horregatik guraso hauei buruz hitz egitea ere garrantzitsua iruditzen zait. Mutilaren jarrera matxismoarekin ere harremana dauka», aipatu du Muritubak.