INFO

Junes Casenave idazle zuberotarra 94 urterekin zendu da

Junes Casenave apaiz, idazle eta ohorezko euskaltzain zuberotarra hil egin da, 94 urte zituela. Obra oparoa utzi du idatzita, batez ere pastoralgintzan.

Junes Casenave. (Gaizka IROZ)

Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, 94 urte zituela zendu da Junes Casenave apaiz eta idazle zuberotarra. 

Hileta elizkizuna asteazkenean egingo da, irailaren 26an, arratsaldeko 15.30ean, Bètharramen (Bearno).

Urdatxen (Zuberoa) jaio zen Casenave-Harigile, 1924ko apirilaren 4an. Santa Grazin ohikoa zen bezala, lau hizkuntzaren hiztuna zen: euskara, okzitaniera, frantsesa eta espainiera.

Apaizgai, Bètharramen (Bearno) ikasi zuen, eta 21 urterekin Palestinara joan zen. Betleemen hartu zituen eskolak eta 1948ko gerra bertatik bizi izan zuen; hantxe egin zen apaiz Casenave, 24 urterekin. Bètharramen (lau urtez), Limòtgesen (Lemosin, Okzitania, 12 urtez) eta Donapaleun (Etxekopar ikastetxeko zuzendari; 1964-1981) irakasle eta pedagogo ibili zen.

Latin, frantses eta greziera irakatsi ditu, irakaskuntzan 33 urtez aritu baitzen.

1981ean Zuberoara itzuli zen apaiz lanak egitera. Lehenik Larrainen bi urtez egon zen, eta geroago Altzaira joan zen. Azken urteotan Donapaleuko beterramiten egoitzan egon da erretiratuta.

Euskaltzain urgazle 1979ko abenduaren 20an izendatu zuten, eta ohorezko 2000ko urriaren 27an.Euskaltzaindian, Hiztegigintza Batzordean (1987-1989) aritu zen, batik bat.

Pastoralgintzan jardun zuen, batez ere, eta 12 pastoral ditu emanak, denak euskaraz bat izan ezik. Beste bederatzi ditu idatziak, baina oraindik eman gabe.

‘Santa Grazi’, ‘Ibañeta’, ‘Zumalakarregi’, ‘Agota’ edo ‘Eñaut Elizagarai’ dira taularatu dituzten bere pastoraletako batzuk.