INFO
Entrevista
Maddi Barber
Zinegilea

«‘Nola bizi daiteke gaur egun Itoizen?’ galderari erantzun nahi izan diot»

Bidaia bat proposatzen du Maddi Barber-ek (Lakabe, 1988) Zabaltegin lehiatuko den ‘592 metroz goiti’ filmean; Ilargi abeltzainaren eta Javier basoinaren urratsei segika, behinola hondeamakinek eraldatutako Itoiz eta inguruen begirada garaikidea proposatzen du. Iraganaren pisua eta etorkizunera behatu beharra, aurrez aurre.

Argazkia: Kattalin Barber

Este navegador no soporta el elemento video.


Artzibarren jaioa zara. Gertutik biziko zenuen Itoizko urtegiaren aurkako borroka.
Haurra nintzen, 90eko hamarkadan, urtegiko lanak hasi zirenean baina, bai, nahiko gertutik bizi izan nuen. Lakaben jaioa naiz, gure herria ez zuen urak hartu baina urtegitik 150 metrora dago egun, eta gurasoak oso inplikatuta zeuren borrokan. Solidarioak Itoizekin-eko partaide ziren eta gogoratzen naiz manifetara joan izanaz, akanpadez, pegatinez... Gero, 16 urterekin Iruñera joan nintzen eta han nengoen herriak urpetu zituztenean. Nolabait, sentitzen dut film hau hara itzultzeko modu bat dela, zer gertatu zen ulertzera eta gaur egun bertan nola bizi gaitezkeen planteatzera.

‘592 metroz goiti’ izendatu duzu filma: uraren muga.
Izenburuak, nolabait, leku bat mugatzen du. Filmean parte hartzen duen basozainarekin izandako elkarrizketa batetik irten zen: 592 metro horiek heriotzaren eta bizitzaren arteko muga markatzen dutela esan zuen eta momentu horretan konturatu nintzen zifra hark izan zuen eragin izugarriaz, hortik behera edo hortik gora bizi zen edozein etxe, animalia, ibai, zuhaitz edota harriren gainean. Garrantzitsua iruditu zitzaidan papaer gainean jarritako zifra batek paisaian eta gizaki zein ez gizakion bizitzetan izan dezakeen eragin hori.

Ilargi abeltzaina eta Javier basozainaren begietatik jasotzen dugu Itoiz inguruko bizimodua. Ingurunearekin harremantzeko era ezberdina dute. Zergatik hautatu zenituen?
Kasualitatez, eta kidetasunagatik. Biak ezagutzen nituen aurretik eta ikerketa abiatu nuenean [Antropolia Bisualeko master bukaerako lan gisa abiatu zen proiektua] paisaia esploratzen hasi nintzen, ‘nola bizi orain hemen’ galdera buruan. Ur ertzeetan ez zebilela inor ikusi nuen eta, behin, behi bat ikusi nuen: gizakiak ere egon behar zutela pentsatu nuen eta hala aurkitu nuen Ilargi, eta bere bidez Javier.  Biak dira Artzibarren jaioak eta paisaia nola aldatu den ikusi dute, horren kontra ere borrokatu izan dira; Javier Artozkikoa da, bere etxea urpean da, eta paisaia horren aurrean segitzen du. Hori zen niri interesatzen zitzaidana: nola bizi hemen, gertatu zena gertatu zela jakinda? Nola egin aurre egunero paisairi?

Erantzuten jakin zuten?
Ilargiren kasuan, esan zidan behein bidez hasi zela harremantzen berriro urtegiarekin, haseran ez baitzuen ikusi ere egin nahi. Bat-batean, behientzat ur emaria ematen ziola ohartu zen erta bere burua paisaia horren aurrera, ur ertzera joatera derrigortua ikusi zuen. Bere barnean zerbait aldatzeko beharra sentitu zuen.

Erritmo pausatua, plano sekuentzia luzeak eta dialogo gutxiko filma da.
Ez da nire egiteko modua, baina uste dut bazela lan hau egiteko modua. Uda osoa eman nuen beraiekin eta bizi izandakoa transmititu nahi nuen; momentu geldiak zeuden, denborak beste erritmo bat zuen. Sentsazio horiek islatzeko egokitu egin nintzen, uste baitut proiektu bakoitzak duela egiteko modu bat.

Eta zer moduz filmatzea?
Nire ama zonaldean bizi da eta bertara joan nintzen uda pasatzera. Haiekin filmatzeaz gainera osterak egiten nituen paisaiaren irudiak hartzeko, eta filmaketa bera oso intentsoa izan zen... Zu ez zoaz, adibidez, behin baten heriotza filmatzeko ideiarekin (barreak). Gogorra izan zen, baina aldi berean ederra, azken finean Itoizen inguruan gertatutako guzti horretan atentzioa eta zaintza jartzeak asko aberastu nauelako.

Isiltasuna, putreak, geldirik dagoen ura, hilzorian dauden animaliak... Sinbolismo handiko filma da. Hori ere bazegoen asmoen artean?
Ez nuen asmo hori, baina bada jendeak esan didan zerbait. Nik animaliak tratatu nahi nituen eurak direnagatik, ez sinbolo moduan. Sinboloak edonork aurkitzen ditu edonon, istorioak ulertzeko gure modua halakoa baita.

Erantzunak baino, galderak eta horiei erantzuten ahalegintzeko materiala ematen dizkiozu ikusleari.
Pozten naiz horrela jaso baduzu (barreak). Ez zait gustatzen erantzunak ematea, proposatzen dudana da nirekin bidaia bat egitea, ‘nola bizi daiteke gaur egun hemen?’ galdera nuen buruan eta erantzunik, egia esan, ez dakit badagoen ere.

Zerorrek ez diozu aurkitu?
(Isilunea). Egia esan, ez dakit. Zaila da. Esango nuke iragana ahaztu gabe orainean aukera berriak bilatuz egin daitekeela, etorkizunera begiratuz.

Visions du Réel jaialdian (Suitzan) estreinatu zen pelikula. Ze harrera izan zuen?
Jaialdi handi eta garrantzitsua da eta uste dut jendeari gustatu zitzaiola, baina egia da baita ere lan handi asko zeudela eta agian oharkabean pasa garela. Horregatik egiten dit ilusio handia Donostian erakusteak, zonaldeko jendeak ikusiko duelako, Itoizen gertatu zenaren eta borroka horren berri duen jendeak, eta elkarrizketa bat sortu daitekeela uste dut. Pozik nago horregatik.