INFO
Entrevista
Josu Martinez
Zinegilea

«Lezo frantziar erresistentziakoa izan balitz filmak eta liburuak aterako zizkioten jada»

‘Gure Sor Lekuaren bila’ (2015) audiorik gabeko film batetik abiatuta eraiki zuen bezala, kontrako bidea hartu eta irudirik gabeko audio batetik berreraiki du Josu Martinezek ‘Jainkoak ez dit barkatzen’, Lezo Urreiztieta oinarri duen dokumentala.

Josu Martinez. (Gorka RUBIO/FOKU)

Martin Ugalderen audio grabaketa batzuek gidatzen gaituzte dokumentalean. Nola eta non topatu zenituen?
Handik eta hemendik iritsi zitzaidan Lezo Urreiztietaren izena, banituen hari lotutako apunte interesgarri batzuk, eta 2015-2016an ikertzen hastean jakin nuen Martin Ugaldek egin zuen biografia txikitxo bat osatzeko audio elkarrizketak egin zizkiola. Zinta horiek Andoaingo Udalean zeudela jakin nuen, kartoi-kutxetan topatu nituen 35 orduko grabazioak. Ugalderen familiak poz handiarekin hartu zuen nire interesa, euren aitaren ondarea berreskuratzeko aukera ikusi zuten. Utzi zizkidaten, eraman nituen etxera eta berehala digitalizatu nituen.

Zer sentitu zenuen ondo entzuten zirela frogatu eta zintak entzuten hasi zinenean?
Zenbat eta gehiago entzun, orduan eta gehiago nahi nuen, ia konpultsiboki entzuten nituen, berehala konturatu nintzelako hor istorio oso potente bat zegoela, gauza askotan Euskal Herriko historiari eta kasu batzuetan baita Espainiakoari ere ñabardurak berriak egiten dizkiona.

Zerk harrapatu zintuen?
Pertsonaiak. Bizitza inposible horrek. Mende bakoitzean gizon gutxi batzuk sortzen dira horrelakoak, heroiak deitzen ditugunak, ehunka jenderen bizitza salbatzen dutenak, gerra gelditzeko gai direnak... Horrek, baina baita bere konplexutasun eta paradoxikotasunak ere. Horrekin batera, zinegintzan beti bereizten dira, nire ustez oker, azala eta mamia, eta hemen mamia bezain erakargarria zen azala, harribitxia da Lezo bera izatea bere bizitza kontatzen duena.

Narratzaile bezala erabili ahal izatea aukera ederra da.
Bai, are gehiago bere kontatzeko manerarekin. Izugarrizko indarra du bere ahotsak, zaharrek bezala hitz egiten du, espresibitarte oral izugarri handi batekin, hori hasieratik ikusi nuen.

Pirata, kontrabandista, mugalaria abertzalea... Nola deskribatu Lezo Urreiztieta?
Lehen-lehenik abertzalea, eta independentsita sutsua. Eta idealista. Gero, pertsonaia paradoxikoa: katoliko sutsua bazen ere jainkoak debekatzen dituen gauza guztiak egin zituen, aldi berean Luis Arana Goiri eta Indalecio Prieto bezalako pertsona antagonikoen seme kuttun izateako gaitasuna zuen... Pertsona heterodoxoa zen, adorez betea, egoera izugarri konplexuak askatzeko gai zena. Akzio gizona.

Bere bizitzatik gauza askok ematen dute atentzioa. Franco hiltzeko prestatu zuen ekintza sortak, adibidez.
Eman dezake ameslari bat dela, eta bada, baina pentsatu eta egiten zituenak, eta ondo atera zitzaizkionak, ez dira gutxi. Egin zituen gauzek ematen digute egin ahal izan zituenen neurria. Franko akabatzea ez zuen lortuko, baina 48an bakarrik Asturiasera joan eta inguratuta zeuden 30 gerrilari itsasoz ateratzeko gai izan bazen, ez zen ameslari hutsa.

Guadalupeko Euskal Estatua ere ametsean geratu zen.
(Barreak) Gaur egunetik bitxia da, baina asmo hori Sabino Aranaren garaian beste gizon batek –Kepa Altonagak aipatzen du ‘Patagoniara Hazparnen barrena’ liburuan– izan zuen, kasu horretan Euskadi Berria Patagonian sortzekoa. Galesen ere egin zuten halako kolonia bat, non oraindik galesera mintzatzen omen den. Altonagak esaten du Sabino Aranak ere idatzi zuela Euskadi izan zitekeela edozein tokitan, baldin eta bere kultura eta arraza mantentzen badizuen. Baita uharte afrikar batean ere. Gaur egunetik begiratuta plan eroa dirudi, eta nik ez dut esaten eroa ez denik, baina testuinguruan jarri behar da. Israel ere hor dago. Eta nork saldu zien Florida amerikarrei? Horiek egin bazuten, guk zergatik ez?

Behin audioa lortuta, irudiak eskuratu behar. Dokumentazio lan gehiago eskatzen du horrek.
Lehenago ‘Gure Sor Lekuaren bila’ dokumentala egin nuen eta hor banuen irudia baina audioa falta nuen, eta orain kontrakoa zen. Film gor bat egitetik, film itsu bat egitearen erronka artistiko interesgarria zitzaidan: nola egin ikusezina dena ikusgai? Iruditzen zitzaidan Lezoren ahotsak bazuela aski indar gauza erabat ilustratiboa egiteko, eta saiatu naiz beste leku batzuetatik hartutako errekurtsoak erabiltzen, irudiaren absentzia hori bete ez beti soinuaren konplemento bezala, baizik eta esanahi propioa izango zuen elementu bezala.

Hortik animazioaren erabilera?
Collageak edo nik «irudien berziklapena» deitzen dudana erabili dut: irudi zaharrak esanahietik atera eta beste material batekin nahastuz esanahi berriak eman, beste obra bat eraikitzeko. Baita animazioa ere, testurekin eta dokumentu originalekin nahastuz. Eta, horrekin batera, niretzat filmaren haria edo elementu narratibo nagusia dena: kaseteak. Irudi aldetik indarra dute eta elkarrizketan tempoa markatzeko baliatu ditut. Dokumentala Lezoren memorian egindako bidaia bezala planteatu dut, eta kaseteek kokatzen laguntzen dute.

Horrenbeste ertz eta bizipen dituen pertsonaia izanda, ezezaguna zaigu Lezo. Zergatik?
Muntatzen ari ginela, bigarren astean, muntatzaileak esan zidan Koldo Mitxelenan egona zela eta ez zuela Lezoren gaineko aipamen bakar bat ere topatu. ‘Esadazu egia, hau zer da, zuk asmatutako fikziozko pertsonaia bat?’, galdegin zidan. Entzuten ari zen guztiarekin, harrigarria zitzaion ezezaguna izatea. Lezo amerikarra edo frantsesa balitz, frantziar erresistentziako kidea adibidez, seguraski pelikulak eta liburuak aterako zizkioten. Baina Lezo pertsona independentea zen, heterodoxoa, bere bidea egin zuena eta, orduan, inongo alderdi politikorentzat ez da ehuneko ehunean ‘gutarra’. Eta hori muga bat da pertsonaje inkomodo bat izan daitekeena kasu batean zein bestean erreibindikatzeko. Guztiena da, baina ez da inorena. Nik beti esaten dut hala ere imaginario koletiboa osatzera orduan askoz ere interesgarriagoak direla Lezo bezalako pertsonaiak tatxarik ez duten heroi santifikatuak baino. Zikina da, lurtarra da, akatsez eta kontraesanez betetako heroia, uste dut antza gehiago duela gure herriarekin eta horregatik erreibindikatu dudala.