Juliette Binoche: «Naturaren bidez harremantzeko beharra dugu»
Naomi Kawasek natura ulertu eta harekin harremantzeko duen era bereziaren erakusle da ‘Vision’. Zuzendari japoniarrak sendabelar miragarri baten bila jarri du Juliette Binoche Urrezko Maskorraren lehian sartu den film honetan.
Naomi Kawase ez da gaur Donostian izan, Marianne Slot ‘Vision’ filmaren ekoizleak esan duenez, gaixotasun batek eraginda ezin izan duelako hegazkina hartu. Horrela, Slot bera eta filmeko protagonista, Juliette Binoche, izan dira prentsaurrean zinegile japoniarraren sinadura daraman filmaren xehetasunak eman dituztenak.
Kawasek natura ulertzeko eta harekin harremantzeko duen era sentikor eta bereziaren erakusle da ‘Vision’. Jeanne (Binoche) da filmeko protagonista, filmaren izena daraman sendabelar miragarri baten aztarnari segida Japoniako Nara eskualdean barneratzen den emakumea. Bertan Tomo (Masatochi Nagase) basozaina ezagutuko du eta iragana eta orainaren hariak lotuko zaizkio, giza garapenaren eta besteen sentipen eta pentsamenduetara iristeko daukagun gaitasunaren gaineko gogoeta egiteko.
Zinegile japoniarrak lan egiteko duen eraz jardun da Binoche: «Skype bidez hitz egin genuen lehen aldian galdera pertsonalak egin zizkidan, ez genuen gidoiaz hitz egin, eta Japoniara iritsi nintzenean ere gidoian lan egiten jarraitzen zuen. Naturari errespetu handia dion pertsona da Naomi, haren isiltasuna, geldotasuna, soinuak… errespetuz hartzen ditu eta gu ere halako atmosfera batean bildu gintuen». Filmaketa Nara eskualdeko mendietan egin zuten eta zinegileak antzezleak izaten ari ziren sentipenak oso kontuan izan zituela ere azaldu du Binochek: «Horien arabera moldatu zuen gidoia etengabe».
Filmak «naturaren bidez harremantzeko dugun beharraz» hitz egiten duela ere azaldu du. «Natura, landareak, animaliak… gure baitatik irten ginen filmaketan, hunkituta egon nintzen une askotan eta negar ere egin nuen. Uste dut nire pertsonaiari ere gauza bera gertatzen zaiola. Naturaren bidez harremantzeko beharra dugula uste dut, naturarekin konektatzeko beharra dugula», esan du, kontzientzia ekologikoa zabaltzeko beharra azpimarratzeaz batera: «Aire egokitua, kutsadura… zientzialariak esan eta esan ari zaizkigu, eta esnatu egin behar dugu. Ikusle soilak gara, aktore bilakatu behar dugu».
#MeToo mugimenduaz ere galdegin diote antzezleari. Binochen hitzetan, «itsasontziak mugi daitezen olatuak beharrezkoak dira» eta egungo gizartean emakumeek hitza hartzea eta euren eskubideen alde borroka egitea ontzat jo du: «Emakumeak baztertuak egon gara, gure nahiak, desirak agertu behar ditugu eta, adibidez, jaialdietako hautaketa batzordeetan parekotasuna egotea egoki ikusten dut, baina filmeei dagokienean uste dut gizon edo emakume izatetik harago aktorearen lana dela balioan jarri behar dena. #MeToo emakumeek biolentziarekin lotutako arazoez hitz egitearekin lotutako mugimendua da», esan du.