INFO

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute EH Bilduk eta EH Baik, urriaren 1eko urteurrenean

EH Baik eta EH Bilduk, Kataluniako urriaren 1aren urtemugaren harira, bere «aldarri eta helburu nagusitzat» kokatu dute erabakitzeko eskubidearen aldarria eta «berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herriaren eraikuntza». Bestetik, Euskal Herria «ETA erakundearen desagerpenetik ia 5 hilabete joan direnean, bake integrala lortzetik urruti» dagoela salatu dute.


Kataluniako erreferendumaren urtemugan, EH Bilduk eta EH Baik bat egiten dute erabakitzeko eskubidearen defentsan eta egikaritzeko helburuan, «demokrazian eta herritarrek hitza ematean dagoelako herri aurreratuek bere arazo politiko eta sozialak konponbidea».

Kontrako norabidean ezarri dituzte, aldiz, espainiar eta frantziar estatuen jarrerak. «Demokraziaren bestelako kontzeptua dute, eta ez dute erabakitzeko eskubidearen izaera demokratiko sakon hori aintzat hartzen. Gaurko egunez iaz Katalunian bizi izan ziren irudiak horren erakusle dira». Bide horretan, gogora ekarri dituzte orduan egon ziren karga polizialak eta oraindik ere espetxean dauden lider independentistak, zeintzuei «babesa eta elkartasuna» adierazi nahi izan dieten.

Duela urtebete «espainiar Estatuak ezarritako oztopo legal, politiko eta polizial guztien gainetik, Kataluniako herriak erabaki egin zuela» nabarmendu nahi izan dute EH Bilduk eta EH Baik. «Kataluniak Europari eta munduari erakutsi zion galdetu eta erabaki daitekeela», gaineratu dute. Zentzu beretik bere «aldarri eta helburu nagusitzat» kokatu dute biek ala biek erabakitzeko eskubidearen aldarria eta «berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herriaren eraikuntza».

Beste alde batetik Euskal Herria «ETA erakundearen desagerpenetik ia 5 hilabete joan direnean, bake integrala lortzetik urruti» dagoela salatu dute. «Soilik ikuspegi integral eta indarrak elkar hartuta lan eginez lortzen da aurrera egitea eta iraganeko klabe zaharkituetatik ihes egitea», defendatu dute.

Gatazkaren irtenbidea «galtzaileen eta garaileen» logikan kokatu nahi dutenak gaitzetsi ditu «Bada, oraindik ere, bakea eta demokrazia soilik bere ikuspegitik eta bere interesetarako ulertzen dutenak. Horren erakusle da, hain justu, gaur bertan Madrilen espainiar eta frantziar estatuek irudikatu nahi dutena: galtzaileen eta irabazleen irudia» eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ekimen horretan parte hartzea «desegokia eta ulertezina» iruditzen zaiela adierazi dute, «logika horrekin bat egitea suposatzen duelako eta, modu horretara, euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen bake integralaren eraikuntzari bizkarra ematen diolako».