Ekai gazte transexualaren borrokak dokumental batean ikusiko du argia
Pasa den otsailean bere buruaz beste egin zuen gazte transexual ondarrutarrari omenaldi xume bat egingo dion domunentala grabatu nahi dute, baina berau gauzatzeko beharrezkoa den dirua biltzeko laguntza eskatu dute.
Arantza Ibarra zuzendari eta gidoilaria Ekai Lersundiren, pasa den otsailean bere buruaz beste egin zuen gazte transexual ondarrutarraren, omenenezko dokumental bat prestatu nahian dabil. Haatik, nahiz eta zuzendari eta gidoilari lanak musutruk egiteko prest egon, dokumentalak berak dakarren gastuei, –soinu ekipoa, grabatzeko materialaren alokairua edota argiteria–, aurre egiteko diru bilketa martxan jarri dute.
Ekai zenaren gurasoak dabiltza lan honetan buru belarri eta sare sozialean bidez egin dute deia. Laboral Kutxan ireki dute proiektua diruz laguntzeko kontua eta ekarpenak egiten dituztenei eskertzeko, euren izen abizenak kredituetan jarriko dituzte.
Helburua 2.000 eta 3.000 euro artean biltzea da, eta diru gehiago lortuz gero Euskal Herriko gazte transexualen elkartea den Chrysallisi emango diote.
Kontua irekitzeaz gainera, zenbait ekimen prestatu dituzte dirua biltzeko asmoz. Ekai zenaren amak Facebook-en partekatu moduan, adibidez, Gin Tonik solidarioak salduko dituzte bihar Gaur Argi tabernan.
16 urte zituen Ekaik pasa den otsailean bere buruaz beste egin zuenean. Osakidetzan hormona tratamendu noiz hasi zain zegoen. Chrysallis elkarteak orduan adierazi bezala «borroka gehiegiri aurre egin beharrean» zen, bere identitatearen arabera bizi ahal izateko.
Bestetik, urriaren 13an, Ekaik 17 urte beteko zituen egunean, ondarrutar gaztea gogoratuko duen monolito bat ipiniko dute herriko Itsasaurre plazan. Ekitaldia 13.00etan egingo da; urtebetetze opariaz gainera, LGTB kolektibo guztiari eskainiko zaio eskultura.