INFO

Lizarrako gaztetxearen okupazioarengatik hiru lagun epaituko dituzte hilaren 11n

Datorren ostegunean, hilak 11, hiru lagun epaituko dituzte, usurpazio delitua egotzita, Lizarrako Sugarra gaztetxearen okupazioarengatik. 

Gaztetxearen okupazioarengatik auziperatutakoei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten iragan ostiralean Lizarran.

Lizarrako Sugarra gaztetxearen okupazioarengatik auziperatutako hiru lagunak datorren ostegunean epaituko dituzte, usurpazio delitua egotzita. 

Auzipetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratze jendetsua egin zuten iragan ostiralean Lizarrako Foruen plazan eta, bertan azaldu zutenez, hamar urte baino gehiago zeramatzan Ospitale Zaharra bezala ezagutzen den herriko eraikinak eta bizilagunei «arazo asko» ekartzen zizkien, lapurretak, liskarrak eta bestelakoak geratu izan zirelako. 

Sugarra gaztetxea abian jarri zutenetik arazo horiek nabarmen gutxitu direla eta herri mugimenduko kolektibo desberdinek ekintza desberdinak egin dituztela bertan. Horrez gain, bizilagunekin bilerak egin eta herriko norbanako edo taldeekin zein Udalarekin hitz egiteko prestutasuna agertu izan dutela nabarmendu zuten, «espazioa bera eskaintzeko zein egon daitezkeen duda, kexa edota desadostasunak entzuteko».  

Nafar Gobernuari deia

Hori dela-eta, «harritzekoa» egiten zaie Nafarroako Gobernuak «zuzenean gaztetxe berri honen desalojoa bideratzeko prozesu penala» martxan jarri izana, «hiru pertsonari usurpazio delituagatik 3-6 hilabeteko espetxe zigorra ezartzeko eskatuz». 

«Zigor Zuzenbidearen helburu bakarra, izenak berak esaten duen bezala, zigortzea da, hots, hiritarren parte-hartze alternatiboak bultzatzen dituzten mugimendu eta pertsona horiek zigortzea», azpimarratu dute. 

Horregatik, afera bitartekaritza baten bitartez konpontzeko deia egin diote nafar Gobernuari, «hiru pertsonaren aurkako zigor penalak eta desalojo batek auzoari eta gazteei ekartzen ahal dizkien ondorio larriak saihesteko».