INFO

Harrera goxoa migratzaileentzat Oñatin, eta kale gorria Bilbon eta Irunen

Atzo ireki zituen ateak errefuxiatuentzako lehen harrerako aterpetxeak. 37 migratzailek igaro dute gaua Oñatiko harrera etxean eta ongi etorri beroa antolatu zieten. Bien bitartean, Bilbon eta Irunen asko izan dira asteburua kale gorrian igaro duten migratzaileak.

Migratzaileei Oñatiko herriak egindako ongi etorria. (@ilizarra)

Oñatin dagoen errefuxiatu eta asilo eskatzaileen aterpetxeak atzo zabaldu zituen ateak eta 37 migratzailek hartu dute aterpe gaur gauean. Berrehun bat herritar bildu zen iluntzean Saharaz hegoaldeko lagunei harrera egiteko eta migratzaileek, esker onez, Mikel Laboaren Txoria txori abestu zuten.

Migratzaileek baina ez dute horren harrera goxoa jasotzen Euskal Herriko beste zenbait txokotan. Oñatin aterpetxea irekitzen ari ziren bitartean, Bilbon migratzaileek bizi duten egoera gizarteratzeko asmoz egindako kanpamendua hustu egin zuten.

Gaur goizean agerraldia egin du Bilboko Harrera Auzoak Bilboko Udalaren jarrera salatu eta aurrerantzean egin beharreko ekimenak salatzeko.

Bilbon bezala, Irunen ere dezente izan dira asteburu honetan kale gorrian egon behar izan duten migratzaileak. Haiekin batera egon dira, baina, Irungo Harrera Sareko boluntarioak. Udaletxe atarian egindako kanpamenduarekin, migratzaileentzat harrera duina eta integrala galdegin nahi izan dute. Igandean gainera, ez zuten eguraldia lagun izan eta hotza eta euriari aurre egin behar izan zuten.