INFO

Larunbateko manifestaziorako atxikimenduen aniztasuna azpimarratu dute

Sindikatu, alderdi eta bestelako eragileen artean bildu diren atxikimenduak aintzat hartuta, larunbatean Donostian elkarbizitzaren alde egingo den ekitaldiak eta ondorengo manifestazioak izango duten aniztasuna txalotu dute, «pozez», Orain Presoak dinamikako kideek. 

Orain Presoak dinamikako kideen agerraldi bat, Donostian. (Jon URBE/FOKU)

Orain Presoak dinamikak antolatuta, manifestazioaren aurretik elkarbizitzaren aldeko ekitaldia egingo da Miramar Jauregian eta bertan parte hartuko duten alderdi eta sindikatuen berri eman dute gaur, ohar bidez. 

«Elkarrekin lan egiteko garaia dela uste dugu eta atzo Aieten adierazi zen bezala, lan handia egin dugun arren, badauzkagu egiteke batzuk oraindik ere, guztiak elkarrekin egitekoak», adierazi dute dinamikako kideek eta, bide horretan kokatu dute presoen aferari irtenbidea emateko eta elkarbizitzaren norabidean pausuak emateko beharra. 

Ekitaldirako gonbidapenek harrera ona izan dutela nabarmendu dute. Zehaztu dutenez, «sindikatu guztiak egoteaz gain [ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxalde], talde politikoei dagokienean ere herritarren gehiengo bat ordezkatzen duten alderdiak batuko dira [EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Geroa Bai, EH Bai eta EELV]». Horiez gain, bake artisuek, Sarek, Etxeratek, Foro Sozialak eta Bagoazek ere ordezkaritzak izango dituzte bertan. 

Halaber, «pozez» esan dute larunbatekoa «orain artean izan den manifestaziorik anitzena izango dela». Arratsaldeko 17.00etan Antiguako Tuneletik abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko azken deia egin diete herritarrei, presoen egoera konpontzeko «gizarte zibilaren aktibazioa ezinbestekoa» dela uste dutelako.