INFO

85 autobus baino gehiago mobilizatuko dira Orain Presoak manifestaziorako

«Inoizko anitzena eta jendetsua» izango da larunbat arratsalde honetan ‘Orain Presoak’ lemapean Donostiako kaleak zeharkatuko dituen manifestazioa, Olatz Iglesias dinamikako bozeramailearen arabera. Aurreratu duenez, 85 autobus baino gehiago iritsiko dira gaur arratsaldean Gipuzkoako hiriburura. NAIZek zuzenean emango du.

Olatz Iglesias, medioen aurrean. (@sare_herritarra)

Larunbat arratsalde honetan Orain Presoak dinamikak antolatuta Donostiako kaleak zeharkatuko dituen manifestazioaren azken detaileen berri eman dute. Olatz Iglesias aipatu dinamikako bozeramaileak azaldu duenez, orain arte izan den manifestazio «anitzena» izango da gaurkoa, baita jendetsua ere.

Izan ere, herrietatik jaso dituzten datuen arabera 85 autobus baino gehiago iritsiko dira Donostiara. «Hilabeteak daramatzagu dinamika honen baitan lanean eta gogotsu gaude gaurko egunarekin, herriz herri eginiko harreman eta saretze lanen lehen erakusleiho bat izatea espero baitugu», adierazi du.

Aniztasunaren erakusle da, berriz, EAJ, EH Bildu eta Podemos Euskadik bat egin izana martxarekin, baita sindikatu guztien atxikimendua ere: «Ideologia era lan eremu ezberdineko jende anitza bilduko gara gaur elkarbizitzaren eta espetxe politika aldatzearen alde».

Gaur arratsaldeko manifestazioa belaunaldi ezberdinen topaleku ere izango dela esan du Iglesiasek. «Egun ireki den garai berri honen zain izan direnak, sortutako aukera baliatu nahi dutenak eta oraina zein geroa aurretik dutenak», guztiak elkartuko dira Gipuzkoako hiriburuan.

Arratsaldeko 17.00etan abiatuko da martxa, Antiguako tuneletik.