INFO

Gaztetxeen eta autogestioaren aldeko manifestazioa egin dute ehunka lagunek Iruñean

Iruñeko Alde Zaharreko Maravillas gaztetxeko kideek, Arrotxapea, Lizarra, Barañain, Zizur eta Berriozarko gaztetxeekin batera proiektu autogestionatuen aldeko manifestazioa egin dute Nafarroako hiriburuan. «Gune autogestionatuek zapalduen mesederako diren proiektuak aurrera ateratzea posible egin dute», nabarmendu dute. 

Arrotxapeko gaztetxetik abiatu da manifestazioa. (Iñigo URIZ/FOKU)

«Autogestioa hedatuz gaztetxeak defendatu» lelopean egin duten manifestazioa Arrotxapeko gaztetxetik abiatu eta Iruñeko udaletxe atarian bukatu da.

Ehunka gaztek egin dute bat Iruñeko Alde Zaharreko Maravillas gaztetxeak eta Lizarra, Arrotxapea, Barañain, Burlata, Zizur eta Berriozarko gaztetxeek eginiko deialdiarekin. 

Mobilizazioa deitu zutenean azaldu zutenez, halako proiektuen «loraldia» ematen ari da azkenaldian, baina haietako hiru espazio berrietatik kaleratuak izateko «arriskuan» daudela ohartarazi zuten: Arrotxapeko, Lizarrako eta Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeak, hain zuzen. 

«Borroka bateratua»

Espazio horiek «zapalduen mesederako diren proiektuak aurrera ateratzea» ahalbidetu dutela azpimarratu zuten deitzaileek. 

Edozein gune autogestionaturen aurkako erasoa «guztionganako erasotzat» hartzen dutela adierazi zuten eta, hortaz, auzo eta herri guztietan «borroka bateratu honen defentsa» egitearen beharra nabarmendu zuten.